}

Irakurketaren eragina garunean

2009/12/13 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Gaur egun, gehienok haurrak garenean ikasten dugu irakurtzen. Dena den, beste hainbat gauza ere ikasten ditugu, aldi berean, eskola-garai horretan. Garuna etengabe ari da lanean, eta, horren ondorioz, makina bat aldaketa izaten ditu. Helduetan, berriz, ez dugu esango ezer ikasten ez dugunik, baina, proportzioan, askoz datu gutxiago ikasi edo asimilatu behar ditu gure garunak. Alegia, ez dira horrenbeste aldaketa gertatzen garunean. Beraz, agian, irakurketak garunean nola eragiten duen ikertzeko lagin aproposa osa dezakete adin batetik aurrerakoek.
Artxibokoa

Horixe bera ikertu du aditu-talde batek. Alegia, irakurtzen ikasten dugun heinean gure garunaren egitura nola aldatzen den ikertu du. Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language zentroko zuzendari zientifikoa da talde horren buru. Ikerketa bitxia da oso. Izan ere, ikerketa hori egiteko ezohiko lagin bat erabili dute: Kolonbiako gerrilletako kide ohiak, hain zuzen ere.

Irakurtzen ikasten dugun heinean garuna nola aldatzen den ulertzea sekulako erronka da ikertzaileentzat. Izan ere, arestian aipatu dugun moduan, gehienok haurrak garenean ikasten dugu irakurtzen, garunean beste aldaketa asko gertatzen diren garaian, alegia. Hortaz, ia ezinezkoa da haurtzaroan irakurketa-irakaskuntzak eraginda garunean gertatzen diren aldaketak bestelako trebetasunek edo abileziek sortzen dituzten aldaketetatik bereiztea.

Hainbat gauza ikasten ditugu, aldi berean, eskola-garaian.
Artxibokoa

Halaber, aldaketa horiek helduetan irakurtzen ikasten dutenengan antzematea ere zaila da oso, gizarte alfabetatuetan, gehienetan, kasu horiek ikaskuntza-arazoei eta arazo neurologikoei lotzen baitzaizkie. Horrenbestez, zalantzarik gabe, Kolonbiako gerrillako kide ohiekin lan egitea aukera paregabea izan da irakurtzen ikastean garuna nola aldatzen den ikusteko, ikertzaileek Nature aldizkari prestigiotsuan argitaratutako artikuluan adierazi dutenez.

Alfabetatze-programa batean parte hartutako hogei gerrillari ohien garunak eta alfabetatu gabeko beste hogeirenak izan dituzte aztergai. Bi talde horietako kideen garunen erresonantzia magnetikoen irudiak alderatu dituzte, hain zuzen. Emaitzen arabera, materia grisak (prozesamendua gertatzen den gunea) dentsitate handiagoa du garuneko hemisferio bietako hainbat gunetan irakurtzen ikasi dutenen artean. Gune horiek hizkien ezagutzaren, hizkiak dagozkien soinuetan itzultzearen eta hitzen esanahiaren arduradunak dira. Irakurketak garuneko konexioak sortzen dituen materia zuriaren dentsitatea ere handitu zuen; baita konexio horien indarra ere.

Usteak oker

Ikerketa egiteko ezohiko lagin bat erabili dute: Kolonbiako gerrilletako kide ohiak, hain zuzen ere.

Garuneko konexioak zirkunboluzio angeluar izenez ezagutzen den garuneko gunera eta gunetik egiten dira. Ez da datu berria hori. Duela 150 urtetik baino gehiagotik dakite zientzialariek irakurketarako gune garrantzitsua dela hori. Dena den, ikerketa honek erakutsi du gune horrek irakurketa-prozesuan duen garrantzia ez dela behar bezala ulertu izan orain arte.

Lehen pentsatzen zen zirkunboluzio angeluarrak hitzen formak ezagutzeko ardura zuela, horien soinuetara eta esanahira jo baino lehen. Gaur egun, berriz, ikertzaileek ikusi dute funtzio iragarlea duela, esanahiaren bidez hizkiak aurreratzen dituela, mugikorretako mezuetako testuetan letrak aurreratzeko funtzio iragarlearen antzera.

Egindako aurkikuntza horiek guztiek luzera irakurketa-prozesuan arazoak dituzten pertsonei lagunduko dietela adierazi dute ikertzaileek —besteak beste, dislexia dutenei—, Nature aldizkari prestigiotsuan argitaratutako artikuluan.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia