Nature Communications aldizkarian argitaratu den ikerketa baten arabera, emakumeen burmuinak menopausian jasaten dituen aldaketak oso ezberdinak dira haurdunaldian eta pubertaroan izaten dituen aldaketekin konparatuta. Pubertarorako eta haurdunaldirako trantsizioetan, substantzia gris kortikala murrizten dira; menopausiarako trantsizioan, berriz, ez da halako aldaketarik ikusi.
Pubertaroa, haurdunaldia eta menopausia trantsizio hormonaleko aro esanguratsuak dira, eta trantsizio horiek eragin nabarmena dute aro horietan dauden emakumeen burmuinean. Eragin horiek sakonago ikertzeko, 1.000 emakume baino gehiagoren burmuinen argazkiak egin dituzte erresonantzia magnetiko bidez, eta alderatu dituzte aro hormonal batetik besterako trantsizioan zeuden emakumeen burmuinak aro bakoitzean egonkor zeuden emakumeen burmuinekin.
«Burmuinaren egituran ikusitako aldaketak bat datoz aurrez sexu-hormonen aldaketez dakigunarekin»
Emaitzek erakutsi dute pubertarorako eta haurdunaldirako trantsizioek antzeko eragina dutela burmuinaren egituran, bi aro horietan bizkortu egiten baita substantzia grisaren galera. Menopausian, berriz, galera hori moteldu egiten dela dirudi. Adituek diotenez, burmuinaren egituran ikusitako aldaketak bat datoz hormona sexualen aldaketez lehendik dakigunarekin. Izan ere, hormona sexualek gora egiten dute pubertaroan eta haurdunaldian, eta menopausian, berriz, behera.
Dena dela, egileek azaldu dute ikerketak hainbat muga dituela eta azterketa gehiago egin behar direla. Esate baterako, nahiz ikertzaileen arabera burmuinaren egitura-aldaketak hormona sexualen eraginez gerta daitezkeen, azterketan ez dira berariaz ikertu hormona horiek. Beraz, emaitzak zuhurtziaz hartzekoak dira, baina beharrezkoak dira arreta gutxi eskaintzen zaion gaiari buruzko horrelako azterketak.
Irati Diez Virto
Elhuyar Zientzia



