}

IPCCn ere emakumeen parte-hartzea areagotu behar dutela onartu dute

2022/02/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ipccn-ere-emakumeen-parte-hartzea-areagotu-behar-d
Arg. IPCC/David Plas

IPCC klima-aldaketa ikertzeko nazioarteko taldeak barne-azterketa bat egin du, genero-ikuspegitik egoera zein den jakiteko. Izatez, gero eta emakume erreferente gehiago daude arlo horretan, eta 2018an lantalde bat sortu zuten IPCCn, genero-gaiak aztertzeko eta gomendioak egiteko. Orain, inkesta bat egin dute, eta emaitzek agerian utzi dute parekidetasunerako bidean pausoak eman badituzte ere, emakumeak ez daudela gizonen parean, inondik inora ere ez.

Adierazi dutenez, IPCCn emakumezkoen ehunekoa hazi egin da: IPCCren lehen txostena 1990koa da, eta orduan % 8 baino ez ziren emakumeak; orain, hirutik bat. Alegia, erdia izatetik urrun daude oraindik.

IPCCk berak dio garrantzitsua dela horri heltzea. Izan ere, klima-larrialdiaren ondorioek denei eragingo badiete ere, kaltea bereziki handia izango da emakumeentzat, haien izaten baitira zaintzaz eta janaria eta ura lortzeaz arduratzen direnak gizarte gehienetan. Era berean, aukera gutxiago dute lurrak, baliabideak eta laguntzak eskuratzeko. Horrenbestez, ezinbestekoa da haien ikuspegia jasotzea, lekuan lekuko zaintzaile, landatar eta komunitateko gidariekin batera.

Bestalde, eremu zientifikoan ere emakumezkoak baztertuta daude. Eta pandemiak egoera okertu du, gainera. Klimaren ikertzaileen arloan, mila ikertzaile nabarmenenen 2121eko Reutersen zerrendan, lehen 50etan bi emakume baino ez ziren ageri, eta zerrenda osoaren % 12 baino ez ziren.

IPCCren inkestaren arabera, hauek dira taldearen barruan emakumeek topatzen dituzten sei oztopo nagusiak: denbora falta (% 55), haurrak zaintzeko betebeharrak (% 33), beste batzuei aurre egiteko konfiantzarik ez izatea (% 32), ordenagailuak edo ikerketa-materialak eskuratzeko arazoak (% 31), jatorrizko herrialdearen finantza-laguntza eskasa (% 31) eta ingelesez idazteko gaitasun mugatua (% 24).

Hain zuzen ere, generoaren hesiari beste batzuk gehitzen zaizkio: hizkuntza, etnia, kultura, erlijioa, adina, gaitasun fisikoak… Horrenbestez, IPCCk egoerari heltzeko konpromisoa adierazi du, eta egitasmo sendo bat landuko duela iragarri du, genero-bereizketari aurre egiteko eta dibertsitatea areagotzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia