Emakumeek diagnostiko oker gehiago jasotzen dituzte

Emakumeek arrisku handiagoa dute gaixotasun autoimmune bat gaixotasun psikologiko gisa diagnostika diezaieten, eta denbora gehiagoz itxaroten dute tratamendua jasotzeko.

Emakumeek arrisku handiagoa dute gaixotasun autoimmune bat gaixotasun psikologiko gisa diagnostika diezaieten. ARG.: Fernando Zhiminaicela/Pixabay


Gaixotasun autoimmuneak dituzten emakumeek gizonek baino % 74 probabilitate gehiago dute beren sintomek jatorri psikosomatikoa dutela diagnostika diezaieten. Horretaz gain, denbora gehiago itxaron behar izaten dute diagnostiko zuzena eta tratamendu egokia jasotzeko.

Ondorio horietara iristeko, ikerketa batek online galdetegi bat zabaldu zuen nazioartean. Gaixotasun autoimmuneren bat zuten 6.607 pertsonak bete zuten, eta parte-hartzaile gehienak emakumeak eta Erresuma Batuko biztanleak ziren.

«Gizonezko gehienek hiru hilabete baino gutxiago behar izan zituzten diagnostiko zuzena jasotzeko, eta emakumeek, berriz, urte bat eta bi artean»

Emakumeen % 43k adierazi zuten pairatzen zituzten sintomek jatorri psikologikoa zutela esan zitzaiela, eta % 34k, berriz, psikosomatikoa zela; gizonen kasuan, % 33k eta % 22k adierazi zuten gauza bera, hurrenez hurren.

Emaitzak ikusita, egileek ondorioztatu dute emakumeek gizonek baino % 74 probabilitate gehiago dutela beren sintomek jatorri psikosomatikoa dutela diagnostika diezaieten, eta % 46 probabilitate gehiago gaixotasun psikologiko baten diagnostiko okerra jasotzeko.

Gainera, emakumeen kasuan denbora gehiago igaro zen sintomak hasi eta diagnostikoa jaso bitartean, eta osasun-kontsulta gehiago behar izan zituzten. Gizonezko gehienek hiru hilabete baino gutxiago behar izan zituzten diagnostiko zuzena jasotzeko, eta emakumeek, berriz, urte bat eta bi artean.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Berdintasuna