EBko klima-politikek gizarte-desberdintasuna sor dezakete

Maila makroekonomikoan eraginkorrenak diren EBko neurri klimatikoek eragin kaltegarria dute errenta txikienetan, landa-eremuetan eta Europa ekialdeko herrialdeetan.

Landa-eremuan bizi diren familiak dira kaltetuenak, ibilgailu pribatuarekiko erabateko mendekotasuna baitute. ARG.: BC3


BC3 ikerketa-zentroak gidatutako ikerketa batek egiaztatu du karbonoaren merkatu bakarraren aldeko apustua egiteak gizarte-desberdintasuna areagotzen duela EBn. Ikertzaileek azaldu dute apustu hori eraginkorrena dela, ongizatean -% 5,14ko inpaktu globala baitu. Alabaina, galera ekonomiko handiak sortzen ditu Europako erdialdeko eta ekialdeko herrialdeetan, eta, batez ere, diru-sarrera ertain eta baxuko etxeetan eragiten du.

«Estrategia eta plan nazionalek gutxiago zigortzen dituzte errenta baxuak»

Gainera, estatu barruko azterketak errealitate konplexu bat jarri du agerian. Nahiz eta errenta ertain eta altuek galera handiagoak izan erregai pribatuen gastuaren ondorioz, populazio ahulenak dira energiaren garestitzearen ondorio larrienei aurre egiten dietenak.

Bestetik, landa-eremuan bizi diren familiak dira kaltetuenak egoera guztietan; izan ere, ibilgailu pribatuarekiko erabateko mendekotasuna dute, eta, askotan, ez dute garraio publikoko alternatibarik.

Bestalde, ondorioztatu dute garraioaren kostua garestitzen duten neurriek emakumeei kalte handiagoa eragin diezaieketela, mugitzeko eta lan-aukera berriak izateko dituzten zailtasunak areagotu baititzakete. Are gehiago; eragina nabariagoa da emakumeek gidatutako diru-sarrera baxuak dituzten familietan.

Egileen esanetan, estrategia eta plan nazionalek gutxiago zigortzen dituzte errenta baxuak eta trantsizio bidezkoago bat ahalbidetzen dute Europa mailako politika orokorrak baino.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Berdintasuna

Aldizkaria

Kolaboratu

Zure lana argitaratzea nahi duzu?

Gai zientifiko bati buruzko artikulu bat baduzu, bidali eta sarean zein aldizkari inprimatuan argitaratu dezakegu.

Bidali