}

Intsulina-dosi pertsonalizatuak

2003/02/05 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Diabetea gaixotasun hedatua da eta biztanleen %5i eragiten dio. Diabetikoen metabolismoak glukosa gehiegi sortzen du eta, ondorioz, zenbait gaixok intsulina-dosiak behar dituzte glukosa-kantitate horiek erregulatzeko.

Egun, larrialdi-zerbitzuetara iristen diren diabetikoei ematen zaizkien intsulina-dosiak medikuaren esperientziaren araberakoak izaten dira. Hau da, gaixo berak, dosi ezberdina eta modu ezberdinean jaso dezake medikuaren arabera.

Hori ikusita, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Tomás Rubio medikuak bere doktore-tesian aldi oro gaixoak behar duen intsulina-dosia zein den jakiteko eredu matematiko bat garatu du.

Hori dela eta, odol-ateraldietan oinarritutako eredu bat proposatu du medikuak. Hain zuzen ere, bi une ezberdinetan egindako ateraldien bidez, gluzemia eta intsulina neurtu eta gaixoak behar duen intsulina-dosi zehatza zein den jakitea posible da. Hala ere, kontuan eduki behar da gaixoak beste krisi bat duenean, kalkuluak berriz egin behar direla.

Eredu matematikoa larrialdi-zerbitzuetan ez ezik etxean ere erabil daiteke. Adibidez, intsulinaren perfusio-ponpetan erabil daiteke, horiek glukosaren arabera kalkulatzen baitute intsulina-dosia. Eta ebakuntza-garaian ere erabilgarria izan daiteke; izan ere, ebakuntzan eman beharreko intsulina-dosia kalkula daiteke eta serumaren bidez ematen den glukosa kontrolatu.

www.basqueresearch.com

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia