}

Ingeniaritza britainiarraren porrota, estandarizazio faltaren isla

2000/05/09 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Sistema metrikoa onartu izan balu, autoen gaurko merkatu britainiarra askoz egoera sendoagoan egongo litzateke

Erresuma Batua unitate sistema aldatu nahi ez duen herriaren paradigma da. Hango mapa erosi eta dena miliatan adierazita dago. Pertsonen pisua libratan eta altuera oinetan neurtzen dituzte. Orrialdeen tamainak, berriz, hazbeteetan ematen dituzte, eta abar. Herri baten ohiturak aldaraztea oso prozesu luzea izan daitekeela onartu behar dugu. Izan ere, euroaren kontura komeria ederrak ikusiko ditugu. Baina Erresuma Batuan ez daude dirua aldatzeko prest.

Gizarte teknologikoak estandarizazioa eskatzen duenez, ez al da garaia han ere gogoeta sakona egin dezaten? Gezurra badirudi ere, duela ehun urte gogoeta hori egin zen (duela ehun urte ere oso gizarte teknologikoan bizi baitziren eta estandarizazioa gogor sustatzen ari zen). Amsterdamen kontsul britainiarrak egin zuen, hain zuzen. Egin eta argitaratu.

Duela ehun urteko asmoa

XIX. mendean, besteak beste, trenbide mota asko zegoen eta horrek arazo larriak sortzen zituen komunikabideetan. Trenen kontua ez zen adibide bakarra. Industria ere izugarri garatzen ari zen eta egoera horrek antolabide berria eta modernoa eskatzen zuen. Izan ere, 1898. urteko urrian Zurichen ingeniari erakundeen ordezkariak bildu ziren eta sistema internazionala finkatu zuten; sistema metrikoa, alegia. Dena den, britainiarrek ez zuten tren estandar baten beharra ikusi Bigarren Mundu Gerran sartu arte. Zuricheko bilera horretan ingeniaritzarako ISO normalizazio arauak ere asmatu ziren, Erresuma Batuan 1966 arte onartu ez baziren ere.

1900. urtean, aipatutako kontsul britainiarraren gogoeta oso argia izan zen. «Ingeniari alemanek», zioen, «altzairuzko eta burdinazko piezetarako estandarrak finkatu dituzte. Horrek burdinaren merkatua ez ezik, beste merkatu batzuk ere eragingarri bihur ditzake». Horregatik alemanek eta kontinenteko beste lurraldeetako enpresek abantaila garbia ikusi zuten britainiarrek ez bezala.

Aurrerago, britainiarrek Erresuma Baturako hartutako neurriak, irteera behar zuen europar merkatuan. 1965. urtean, hazbetearen erabilera hamar urteko epean baztertuko zutela eta ISO arauak onartuko zituztela iragarri zuten. Leyland Motors enpresa hasi zen estandar europarrei jarraituz motorrak egiten. Hala ere, motorrak ez ziren guztiz estandarrak. Lau torloju mota zituzten eta, ondorioz, autobus batzuetan bakarrik erabili ziren kontinentean. Europar erosleengan ez zuten interes handirik sortu eta ezin izan zuten probetxuzko negoziorik egin.

British Leyland enpresak porrot egin zuen Europa Erdialdean hazbetea jadanik baztertutako neurria zelako. Alemanian legez kanpo gelditu zen 1930eko hamarkadan. Ura edo gasa eramateko hodi batzuetan eta Estatu Batuetatik zetozen zenbait piezatan bakarrik erabiltzen zen. Europan hazbeteak ez ziren erabiltzen, baina hala eta guztiz ere, Erresuma Batuko ingeniaritza enpresek ez zuten premiarik ikusi eta ez zituzten produktuak siste- ma metrikora egokitu. Ondorioz, etengabe baztertzen zi-ren Europan hango produktuak.

Amsterdameko kontsul britainiarren iragarpenak bete ziren. Sistema metrikoa onartu gabe eta marketing kaskarrak British Leyland enpresaren porrotaren arrazoi indartsuak dira. Eta ez du sektore horretan bakarrik eragina izan, ingeniaritzan oinarritutako guztiak izan dituzte «galerak». Michael T. Knowles adituak dioenez, «Erresuma Batuko enpresek sistema metrikoa ez onartzearen efektu ekonomikoak ez dira inoiz kuantifikatu».

Bada garaia, beraz, sistema orokorra onartzeko. Eta, oraingoz, onena sistema metrikoa zabaltzea izango litzateke. Bestalde, ehun urte baino gehiago dute ISO estandarrek eta nahitaez erabili behar dira gaur egun.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia