Guillermo Roa Zubia

Kimikako doktorea eta Elhuyar Zientziako erredaktorea

Ilargiratzeko prest?


Artemis II misioa arrakastatsua izan da. Nolanahi ere, aurrerapauso bat izan da berriz ilargiratzeko asmo horren barruan. Garrantzitsua zen NASArentzat misio tripulatu hau ondo joatea, eta hala ere, galdera airean geratu da. Dena ondo joanda ere, arrakasta honek bermatzen al du ilargiratzeko ahalmena izango dutela hurrengo urteetan? Zalantza handiak daude oraindik.

Artemis bezalako programa bat probaz beterik dago. Probak egiten dituzte, kalkulu asko. Eta hala izan behar du, burutu beharreko ingeniaritza oso konplexua baita: gauza asko funtzionatu arazi behar dira aldi berean, modu koordinatuan eta sinkronizatuan. Eta hori ez da erraza. Probak egin, eta dena prest dagoenean saiatzen dira misioa bideratzen. Baina orduan ere akatsak izaten dira, eta akats berriek geldiarazten dute programa, berriz ere hasteko.

Orain, Artemis II misioa komunikabideetan izan da. Denak dira hitz onak. Ez da harritzekoa, sekulako lana egin dute. Diru asko sartu dute proiektuan, ezinbestekoa izan da. Apollo programan Ilargira iritsi ziren, hain zuzen ere, diru asko sartu zutelako bertan. Baina diru asko sartzeak berak ez du bermatzen ondorengo misioak ondo joango direnik. Ustez, 2028an ilargiratu nahi dute, baina gai izango al dira? Ez dago batere argi.

Artemis programaren lehen misioa 2022ko azaroan jaurti zuten. Tripulatu gabekoa zen. Orain bigarrena burutu dute, bidean problema askorekin. Deigarria da Jaret Isakman NASAko buruak esandakoa: “misio hauek ez dira tratatu behar artelanak balira bezala”. Alegia, ezin dugu dena perfektu egin, eta hiru urtean behin bakarrik misio bat jaurti. Aldiz, helburuak izan behar du maiz sortzea; misio erabilgarriak espazioratzea. Misio gehiago eta askoz modu normalagoan bideratu, nahiz eta akats txikiak egon. Horrela lortuko da eskarmentua, bidean akatsetatik ikasiz.

Artemis II misio honetan ere akatsak izan dira. Beharbada, ezagunenak komunarekin izan du zerikusia. Ez du ondo funtzionatu. Hain zuzen ere, misioaren helburu nagusietako bat pertsonen eta makinen arteko elkarrekintza aztertzea eta fintzea izan da. Segurtasun-akats oso handiak ez dira izan, baina egon dira. Misioaren jaurtiketa asko atzeratu zen akatsen ondorioz, eta denbora eta diru asko galdu dute bidean. Asko ikasi dute bidean ere bai.

«Ikusiko dugu misio bakoitza artelan bat izatearen filosofia hori emankorra ote den»

BBCko titular batek zioen: “Zientzia handia da edo NASAk sortutako itxaropena besterik ez?”. Badira Lurrean simulatu ezin diren jarduera eta prozesu asko, probatu ezin direnak. Adibidez, lurrera sartzearen kontu hori horietako bat da, atmosfera barrurantz zeharkatzearena. Ez dago simulatzailerik modu errealista batean. Misioan bertan probatu behar da. Azkenean, ilargira joatea ez da erreza, baina bueltatzea are zailagoa izan daiteke.

NASAk lan handia egin du, baita marketin handia ere. Ikusiko dugu misio bakoitza artelan bat izatearen filosofia hori emankorra ote den, eta bi, hiru edo lau urte barru ilargiratze-misio bat osatzeko gai diren.

Guillermo Roa Zubia

Kimikako doktorea eta Elhuyar Zientziako erredaktorea

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali