Hidrogenoa plastikoan bildua
2002/08/26 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Sukoia izateaz gain, hidrogenoa oso gas arina da eta oso kantitate txikiak bolumen ikaragarri handia betetzen du. Horregatik, oso zaila da autoak higiarazteko behar beste hidrogeno autoan eramateko moduko andel batean gordetzea. Gaur egun, hidrogenozko autoek metanoa eramaten dute andelean; autoa higiarazteko beharrezko hidrogenoa ibili ahala ekoizten da. Baina prozesu hori ez da guztiz garbia, gutxiago bada ere karbono dioxidoa isurtzen baita atmosferara.
1999an Singapurreko fisikari-talde batek metalez iltzeztatutako nanohodiak proposatu zituzten hidrogeno-gordailu gisa erabiltzeko. Haien esanean, nanohodi haiek gai ziren beren pisuaren % 20 bezainbeste hidrogeno xurgatzeko. Emaitza haiek ezin izan dira inoiz errepikatu, ordea. Ikertzaile batzuek lortu dute pisuaren % 4 bezainbeste hidrogeno xurgatzen duten nanohodiak sintetizatzea, baina % 6,5 behar da gordailu bideragarriak prestatu ahal izateko.
Zenbaki magiko horretara iritsi nahian, hidrogenoa xurgatzeko gaitasunak korronte elektrikoa garraiatzeko gaitasunarekin zerikusia izan dezakeela susmatu zuen Koreako Ikerketa Energetikoen Institutuko ikertzaile batek. Horrela, nanohodi garestien ordez polimero eroale merkeekin proga egiten hasi eta bere susmoak egiaztatu zituen. Haiek ere gai ziren hidrogenoa xurgatzeko. Aste honetan aurkeztu dituzte pisuaren % 8 bezainbeste hidrogeno xurgatzeko gai diren plastikoak, American Chemical Society erakundearen biltzarrean.
Eureka txiki bat baino ez da hau, ordea, hidrogenoa xurgatzea ez baita nahikoa. Orain, polimero horiek hidrogenoa behar den momentuan askatzeko gai ote diren ikertu behar da, hidrogenoz betetako autoak zerbaiterako erabili nahi badira behintzat!
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia