Hegazti biziak

1988/06/01 Angulo Pinedo, Rikardo Iturria: Elhuyar aldizkaria

Sorbeltz arrunta (Apus apus) hegazti hankagabea ez izan arren, apodiformeen ordenan sartuta dago. Bere hanken aurrerantzeko lau behatzak guztiz ahulak dira, eta lurrera erortzen bada, ezin du berriro hegan egin. Horregatik, gutxitan bada ere, gainazal bertikal edo inklinatutan soilik pausatzen da.

Nahiz eta, hegan doanean enara eta enara azpizuriekin nahastu, ziluetaz bereizten da; bere hegal luze eta makurtuak sega itxurakoak bait dira. Handiagoa ere bada; hain zuzen, 16-17 cm ditu eta. Euskal Herriko zenbait alderditan (barne aldean), malkar-sorbeltzak ( Apus melba ) ere habia egiten du. Bera eta sorbeltz arrunta antzekoak dira, baina lehenengoa tamainu handiagokoa (21-22 cm) da, lurralde malkartsuetan umatzen da eta kolore arrea dauka, azpikalde zuria duelarik.

Oro har, sorbeltz arruntak egun osoa airean eman dezake hegaz egiteko daukan ahalmenagatik. Horregatik sorbeltz arruntak jan, edan eta estali ere egin dezake lurreratu gabe. Ilunabarra heldu orduko, altuera handitara (1000 edo 2000 metroraino) igo daiteke, beren kantu tipikoa egiten duelarik (txiirrr, txiiirrr, txiiirrr..!!); altuera handi horretara iritsita abiadura txikiagotu egiten du gaua pasatzeko. Bestalde, sorbeltz arruntek beti taldeka egiten dute hegan. Gutxitan ikus daiteke bikote edo ale bakarren bat.

Sorbeltz arruntek, enarek bezala, airean dabiltzan intsektuak jaten dituzte: batez ere euliak, eltxoak, tximeletak eta abar.

Eguraldi txarra egiten duenean, hegaldi luzeak egiten dituzte euriari ihes egiteko eta eguraldi oneko nahiz hegodun intsektu askoko lurraldeetara heltzeko, egun osoa ematen dute beren habiazuloetan (txorikumeak dauzkatenak salbu; elikagai bila irten behar bait dute).

Normalean, jaten 40 kilometro orduko abiadura egiten du, eta batzuetan 100 kilometro orduko abiadura ere lor dezake. Sorbeltz arruntek, bero handirik ez bada, goizeko lehen orduetatik eguerdiraino hegaz egingo dute eta arratsaldean berriro.

Gure etxeetako zuloetan eta teila artean erruten du urtero. Lumatxaz, airean dabiltzan ostoez eta sorbeltzak emango duen txuaz, egingo du habia.

Gehienetan, aurreko urtean egondako lekuetara itzuliko da sorbeltz heldua errutera.

Normalean, ar heldua aurreko urteko eme berberaz elkartzen da umaldian. Emigrazioa hastean elkarrengandik banatu egiten dira hurrengo urtean berriz ere elkartu arte.

Maiatzaren azken egunetan, egiten duen habialdi bakarrean, 2-3 arrautza jartzen ditu, errunaldi batetik bestera bizpahiru eguneko tarteaz. Arrautzak zuriak, leunak eta distirarik gabekoak dira.

Txitaldia (guraso biek txandaka egiten dute lan) 14-20 egunez luzatzen da. Hala ere, habialdiaren iraupena eguraldiaren araberakoa izango da.

Txitatxoak nidikolak dira, lumarik gabekoak. 5-8 asteren buruan alde egingo dute habiatik, independentzia lortuz. Uztailaren erdian edo hasten dira gazte asko emigratzen, eraztunketek egiaztatzen digutenez. Oxford-en eraztuna ipinitako txorikume bat adibidez, hiru egun geroago harrapatu zuten Madrilen. Heldutasun sexuala bi urteren buruan lortu arte ez diote hegan egiteari une batez ere utziko. Urtebeteko gazteek bikoteak egiten dituzte, baina habia eraiki arren, ez dira ugaltzen. Habian ekainean eta uztailean egongo dira, eta hurrengo urtean bizirik badaude, haraxe itzuliko dira errutera.

Euskal Herrian maiatzetik irailera arte ikus daiteke. Hegazti migratzailea izaki, Afrikako hegoalderantz joaten da negua pasatzera. Sorbeltz arrunta Europa osoan bizi da, Islandia eta Iparraldean salbu. Malkar-sorbeltza, aitzitik, Afrikako Iparralde eta Mediterranioko espeziea da. Txorikumeak osorik hazi baino lehen, arrak alde egiten du habiatik, baina beti bikotekide bat geratuko da kumeak hazteko. Horregatik sarritan bakarka ikus daiteke sorbeltz arrunta abuztuaren lehen egunetan. Normalean, gizakiok bizi gareneko lekuetan umatzen dira hirietan, herrietan, baserrietan eta abarretan. Oso gutxitan ikusiko duzu haren jatorrizko ingurugiroan, hots, lurralde malkartsu eta harritsuetan. Sorbeltz arruntari, enara eta enara azpizuriaren alderantziz, ez bide diote gehiegi eraso urbanizazioak, industrializazioak eta hauen eragin anbientalak; Bilboko zeruan ere maiz ikus bait dezakegu aireko jolas arin eta zaluetan.