Haurrak COVID-19aren aurka txertatzea aztergai, Science aldizkariaren editorialean

2021/11/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Flickr

AEBko Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroak (CDC) 5-11 urteko haurrei Pfizerren txertoa ematea gomendatu duela eta, adin horretako haurrak txertatzeari buruzko editoriala plazaratu du Science aldizkariak, txertoak eragin diezaieketen kalteak eta onurak aztertuz.

Philadelphiako ospitaleko eta unibertsitateko bi ikertzaile dira editorialaren egileak, Jeffrey S. Gerber eta Paul A. Offit, eta, zehaztu dutenez, AEBn 28 milioi haur daude adin-tarte horretan. Inkesten arabera, ordea, haien gurasoen % 42-66 gomendioaren aurka daude, edo zalantzak dituzte. Editorialean bertan egin dute galdera: txertorik gabe, oso litekeena da uneren batean SARS-CoV-2 birusarekin infektatzea; baina, zer da okerragoa, txertoa ala infekzio naturala?

Galdera horri erantzuteko, SARS-CoV-2arekin zenbat haur infektatu, ospitaleratu eta hil diren zenbatu dute egileek. Guztira, dozenaka mila haur ospitaleratu behar izan dituzte; haietatik, heren batek ez zuen beste gaixotasunen bat aurretik. Eta ia 700 haur hil dira COVID-19agatik. Hain zuzen, haurren heriotzaren hamar arrazoi nagusietako bat bilakatu da AEBn. 

Horren ondoan, gogorarazi dute ez dela haurrik hil COVID-19aren txertoaren ondorioz. Haien esanean, guraso asko kezkatuta daude Pfizerren txertoa ez delako behar bezala probatu, bereziki miokarditisaren arazoari dagokionez. Izan ere, helduetan, jakina da albo-ondorio hori ohikoagoa dela gizon gazteetan, adin nagusiagokoetan baino.

Egileen arabera, baina, testuingurua garrantzitsua da. Israelen eta AEBn, txertoak eragindako miokarditis-kasuen ehunekoa txikiagoa izan da 12-15ekoen artean, 16-25ekoetan baino. Eta, gertatu denean ere, nahiko arina izan da. eta bere kabuz sendatu da. Gainera, haur eta nerabeei ematen zaien dosia helduei ematen zaienaren herena denez, miokarditisa are arraroagoa izango da seguruenik.

Hori alde batera utzita, kontuan hartu dituzte haurren garapen sozialean eta emozionalean funtsezkoak diren jarduerak, eta gogora ekarri dute eskolaratzeak duen garrantzia. Diotenez, infekzioengatik eskola-jarduerak eteteak kalte handiagoa egiten die haurrei, txertoaren albo-ondorioek baino; besteak beste, osasun mentala okertzea, hezkuntzako arrakalak handitzea eta jarduera fisikoa gutxitzea. Gainera, kalte horiek nabarmenagoak dira arrazializatutakoetan, indigenetan eta maila sozioekonomiko apalekoetan. 

Haurrek helduei birusa transmititzeko arriskua ere aipatu dute, eta gogora ekarri dute beste birus batzuen aurkako txertoa jartzen zaiela, txerto horiek egon aurretik birus haiek SARS-CoV-2ak baino heriotza gutxiago eragiten bazituzten ere haurretan, hala nola meningitisa, barizela eta hepatitisa. 

Bukatzeko, azpimarratu dute ulertzekoa dela guraso batzuek zalantza egitea, baina txertoa ez hartzea ez dela arriskurik gabeko aukera bat.