Gure espeziearen eta neandertalen arbaso komun batek garatu zituen lantzak

2012/11/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Duela 500.000 urteko harrizko piezak, ustez, lantzen puntak egiteko landutakoak. Harrien azpiko marraren neurria 1 cm da. Arg. Jayne Wilkins

Duela gutxi, aurkitutako lehen gezien puntetan oinarritutako artikulu bat argitaratu zuen Nature aldizkariak. Orain, Science-k arma are antzinagoko bati buruzko ikerketa bat plazaratu du; lantzari buruzkoa, hain zuzen.

Oraingoan, Kathu Pan (Hego Afrika) gune arkeologikoan topatutako harrizko punta batzuk aztertu dituzte ikertzaileek. Duela 500.000 urtekoak dira, eta, ikertzaileen esanean, makilen muturretan jartzen zituzten, lantzak egiteko. Horren arabera, lantzak egiteko teknologia orain arte uste zutena baino 200.000 urte lehenago garatu zen.

Artikuluan azaldu dutenez, Homo sapiens-ak eta neandertalak komunean zituzten jokabideak aurreko arbaso komunetik, Homo heildelbergensis-etik, heredatuak izan zitezkeen; tartean, lantzak egiteko teknologia. Adituen ustez, gure espeziea eta neandertalak duela 800.000 eta 400.000 urteen artean banandu ziren, eta ikertzaileek frogatu dute duela 780.000 urte hominidoek jada ehiza larria egiten zutela. Alabaina, horretarako lantzak erabiltzen zituztela erakusten duten aztarnak ez dira hain antzinakoak.

Orain Hego Afrikan topatu dituzten punta zahar horiek, ordea, lantzen parte izan zirela iradokitzen duten arrasto nabarmenak dituztela baieztatu dute ikertzaileek. Horrek, gainera, bat egiten du bi espezieek, Homo sapiens-ek eta neandertalek, lantzak erabili izanarekin, eta arma horiek egiteko teknologia haien arbaso komunetik heredatu zutela dioen hipotesiarekin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia