Elhuyar zientziaren komunikazioa

Gure enarak

1995/05/01 Sarasua Aranberri, Asier - Biologoa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Jende askok sobeltzei enara deitzen die eta ostera Euskal Herrian bertan lau enara espezie ezberdin dagoenik ez daki makina batek. Artikulutxo honen bidez Euskal Herrian bizi diren enarei begiradatxo bat emango diegu, betidanik hain ezagunak izan diren hegazti hauengana zertxobait gehiago hurbilduz.

Euskal Herriko edozein herri edo auzotxo, apirilaren hasierako lehen eguzki printzak eta zelai ondoan gora eta behera gira-biraka lehen enarak. Urtero-urtero ikuskizun beraz gozatzeko aukera dugu negua Afrika inguruan pasa ondoren, eguraldi onarekin batera milaka eta milaka enara gure zelai, baserri, haran eta mendietara itzultzen direnean. Martxoaren bukaeran edo apirilaren hasieran izaten da.

Orduan, gurean elurte eta izotzak bukatu eta tenperaturak gorantz egiten duenean, enarek beraien Afrika erdi eta hegoaldeko negutokiak utzi eta iparreranzko bidaia luzea hasten dute. Batzuk Norvegia eta Errusiaraino iritsiz; beste hamaika berriz, Euskal Herrian bertan geldituko da uda pasatzen, asko eta asko jaio ziren herri edota baserri atari bera euren hegada azkarrez apainduz.

Enara arruntak bizkarra eta burua beltzak ditu, paparra gorria eta sabelaldea zuria. Egunaren parterik handiena airean edo kableetan ematen du.

Bere migrazio izugarriek, udaberriarekin batera etortzeak eta espezie mesedegarri izateak, biziki txori ezaguna eta maitatua egin dute. Enarak Euskal Herrian betidanik ezagunak eta gizakiari lotuta egon direla, hizkuntzan bertan ere ikusten da. Hegazti alai eta zaratatsu hauek izendatzeko, hamabost hitzetik gora bildu baititu euskarak. Batzuk ainara, elai edo ernara esate baterako, gehienontzat ezagunak; beste batzuk ordea, ez horrenbeste, Bizkaiko boletxikoa, Nafarroa Behereko kinuria edo Nafarroako apeztxoria kasu. Izen guzti hauek, eta beste hainbeste, latinezko izen zientifiko beraren barruan sartzen dira. Hirundinidae familia osatzen dute, askorentzat ezezaguna den arren, enara espezie ugari baitago eta Euskal Herrian bertan ere lau ditugu, zenbait gauzatan antzekoak, baina ikusiko dugun bezala, bakoitzak bere ezaugarri eta bitxikeriak ditu.

Hirundinidae taldea osatzen duten txoriak (errazteko enara deituko ditugunak), Zeelanda Berrian eta bi poloetan izan ezik, mundu guztian zehar zabaldu dira, ehun espezie baino gehiago ezagutzen direlarik. Txori txikiak izan ohi dira, 13-20 cm ingurukoak, aho zabala dute, moko motza eta buztan luze eta sardekara. Oro har hego indartsu, estu eta zorrotzak dituzte eta ondorioz hegalari bikainak dira, bizkor eta arinak. Alde batetik bestera hegan eginez, airean dauden eltxo, euli, tximeleta eta abar harrapatzen dituzte. Nork ez ditu ilunabar aldean intsektu bila zelai eta putzuak miazkatzen ikusi! Hain ongi menderatzen duten mundu horretatik kanpo ostera, trakets samarrak dira hankak ahul eta txikiak dituztelako eta hori dela eta, oso gutxitan jaisten dira lurrera.

Esan bezala, ia-ia mundu guztian dira ezagunak. Hor ditugu adibidez beste kontinente batzuetan horren anitzak diren Iparramerikako enara gorrizkara, Progne subis , edota Afrikako Hirundo abyssinica , biak giza eraikuntzei lotuta bizi direnak eta oso ugariak. Zenbait urtetan, iraila inguruan migrazioa hastear dagoenean, 100.000 enara gorrizkaraz osatutako taldeak ikusi izan dira Kanadan. Asian ere espezie ugari bizi da eta azkenik Europa aldean beste bost.

Horietatik lau gure herri, mendi eta erreka inguruetara hurbiltzen dira: enara arrunta ( Hirundo rustika ), enara azpizuria ( Delichon urbica ), haitz-enara ( Hirundo rupestris ) eta uhalde-enara ( Riparia riparia ). Baina kontuz! Guzti hauek ez dira ordea, gure herri eta batez ere hirietan talde izugarriak osatuz ikus daitezkeen beste hegazti batzuekin nahastu behar. Sorbeltzei buruz ari natzaizue noski. Sorbeltzek ( Apus apus ), maiatza eta uztaila bitartean bisitatzen gaituzte. Jende askok enarak direla uste du, baina ez da horrela. Beste ordena bateko kide dira, apodiformeen ordenakoak eta antz-pixka bat duten arren, ezberdintasun anatomiko, fisiologiko eta etologiko ugari dituzte. Beraz, ez ditugu enarekin nahastu behar. Eta sorbeltzak alde batera utzi eta gure lau enarei buruz hitz egiteari ekingo diogu.

Enara arrunta

Ezagunena inolako zalantzarik gabe, enara arrunta ( Hirundo rustica ) dugu. Euskal Herrian bizi direnen artean handiena, ikusten dugun momentuan bere buztan xelebreak harritu egiten gaitu. Isatsaren kanpoaldeko bi lumak, kanpo-errektrize biak, izugarri luze eta finak dira, ezaugarri hau dagoeneko bere anaia hirundinidoengandik bereizteko nahikoa delarik. Bizkar eta burua beltzak ditu, paparra gorria eta sabelaldea zuria. Beti ere gizakiari lotuta bizi izan da eta gutxitan aurki daitezke bere habiak harkaitz, zubi edo zuhaitzetan. Nahiago izaten ditu giza eraikuntzak, baina hori bai, hiri eta herri handietatik urrun; baserri edota auzo txikietako lasaitasuna nahiago izaten baitu.

Ez da beste enarak bezain koloniala, baina talde txikietan aritzen da beti ehizan, sorbeltz eta enara azpizuriekin izan zezakeen konpetentzia ekiditeko, ehiza-esparrua banatuz. Sorbeltzek goi-goian dauden intsektuak harrapatzen dituzte, azpizuriek erdikoak eta enara arruntek lur ingurukoak. Habiatik hurbil dauden zelai eta putzuetan ehiza egitea benetan gustuko du, bere hegalaldi trebe eta bizkorraz eltxo, efimera eta bestelako intsektu txikiak harrapatuz. Hegan duen trebezia hori ura edateko orduan ere garbi uzten digu, ez baitu gelditu beharrik: putzu gainetik milimetro gutxitara hegan ari delarik, burua jaitsi, mokoa uretan sartu eta inongo arazorik gabe tragoxka bat hartzen du, ahozabal uzten gaituen bitartean.

Egia esan, egunaren parterik handiena airean edo kableetan ematen du eta lurrera ia-ia kumaldian besterik ez da jaisten, habia egiteko buztina biltzera. Sasoi horretan erreka, putzu eta iturrietara hurbiltzen da. Buztin eta lokatz zatitxoak hartzen dituzte mokoan, belarrekin batera eta listuarekin nahastu ondoren eratzen dituzten bolatxoez, goitik zabalik dauden eta hain ezagunak diren kopa itxurako habiak eraikitzen dituzte atari eta kortetan.

Azken urteotan bere populazioak egundoko atzerakada jasan du, batez ere poluzioa eta pestiziden eraginagatik. Dena den, oraindik ere Euskal Herri osoan aurki daiteke. Ugariagoa da noski Hegoaldeko probintzietan, Araba eta Nafarroan habia egiteko leku aproposagoak aurkitzen baititu, baina gainontzeko bost lurraldeetan ere erraz aurki daiteke herri handi eta poluituetatik aldentzen bagara.

Enara azpizuria

Azken urteotan herri eta hiriak handitzearekin batera enara arrunta baserri inguruetara mugatu bitartean, enara azpizuria ( Delicho urbica ), askoz hobeto moldatu da bizitza modernora. Ez ditu mendiak utzi eta enara arruntarekin batera baserri eta auzotxoetan ere bizitzera hel daiteke, baina habia edozein lekutan egitea axola ez zaionez, herri handi eta hiriak kolonizatzea lortu du eta ez du enara arruntak izan duen atzerakada jasan. Gaur egun ez da zaila Arrasate, Irun edo Durango bezalako herri handietan hegaz ikustea.

Enara azpizuriari habia edozein lekutan egitea axola ez zaionez, herri handi eta hiriak kolonizatzea lortu du eta ez du enara arruntak izan duen atzerakada jasan.

Nahiz eta antz-pixka bat izan, erraza da azpizuria gainontzeko enarengandik bereiztea. Hasteko, nahiz eta buztan sardekara izan, ez ditu enara arruntak dituen bi luma luze horiek. Eta bestalde, bizkarraldea eta isatsa beltzak dituen arren, oso nabarmena da ipurdi gaineko orban zuri-zuria. Oso nabaria da batez ere hegan diharduenean. Enara arrunta baino txikixeagoa da eta ez hain liraina. Oso espezie soziablea da eta ehundaka bikoteko koloniak era ditzake, nahiz eta gehienetan 10-20 bikoteko taldetan bizi. Talde osoa batera irteten da ehizara eta denak batera habira itzultzen.

Lehen aipatu dugun moduan, antzina bizi izateko gustukoen zituen mendi eta baserriak ez ditu utzi, baina pixkanaka Euskal Herri osora hedatzen joan da eta gaur egun lurralde guztian aurki dezakegu: Aralar, Elgea, Aizkorri edo Salbada bezalako mendikateetatik hasi eta hirietaraino eta kostaldetik Araba eta Nafarroako hegoaldeko lautadetaraino. Hau dugu egun ziurrenik enararik ugariena.

Haitz-enara

Gure lurralde osoan zehar banatzen ari den beste espeziea haitz-enara ( Hirundo rupestris ) da. Aurreko biak baino ezezagunagoa eta urriagoa, haitz-enara dugu Europan ikus daitezkeen enaren artean bizi, azkar eta akrobatikoena. Hegan ari denean enara arruntaren antza du, baina are arin eta ausartago da. Honek ere, hegan ari dela harrapatzen ditu euli, liztor, inurri eta abar, baina lurrean harkaitz gainean dauden intsektuak hartzeko gauza ere bada hegan egiteko duen gaitasuna dela medio. Sarri ikus daitezke bata besteari jarraituz, fisikaren legeak alde batera utzi eta kiribil eta jauzi harrigarriak egiten edota hegan ari direla bata besteari intsektu bat ematen.

Europan bizi diren enaren artean pisutsuena da. Bizkarraldea eta burua arreak ditu, hegoak ilunxeagoak eta sabelaldea argia, baina ez beste enarek bezain zuria. Ezaugarri hauek nahikoa izan ohi dira txori hau identifikatzeko orduan, baina zalantza guztiak uxatzeko frogarik garbiena bere buztanari begiradatxo bat botatzean aurkituko dugu: laukia da, ez sardekara, eta gainera birak emateko isatsa zabaltzen duenean, oso nabariak dira bertan, bai gainean eta bai azpian, dituen orbantxo zuriak.

Hauez gain, haitz-enarak ere baditu beste espeziengandik etologikoki bereizten dituen beste zenbait ezaugarri. Hasteko besteak baino montikolagoa da; hau da, mendi eta harkaitzak nahiago ditu auzo, baserri eta belardiak baino. Horrez gain, habia ere haitz artean kokatzen du eta ez etxe edo giza eraikuntzetan. Eta azkenik, beste espezieak baino maizago jaisten da lurrera, atsegin baitu harri gainean etzanda eguzkitan epeltzea.

Ez da beharbada aurreko biak bezain ugaria, baina Euskal Herriko edozein harkaitzean aurki daiteke talde txikitan, batez ere mendietan. Gainera, azken urteotan bere populazioak gorantz egin du eta inguru berriak kolonizatzen hasi da. Adibidez, nik neuk Deba ibarrean detektatu izan dut, kostaldetik hurbil eta industriaz beteriko herrietan ere bai. Laguntza eta zorte-pixka batekin agian urte gutxi barru gure lurralde osora heda daiteke.

Uhalde-enara

Eta azkenik gure laugarren laguna aurkeztuko dizuet: uhalde-enara ( Riparia riparia ). Denetan txikiena, 12 cm besterik ez ditu, enara hau barnealdeko probintzietan bakarrik agertzen da. Kostaldean migrazio-garaian ikus daitezke, baina Araba eta Nafarroako hegoaldean besterik ez du kumatzen, beste probintzietan horretarako leku egokiak falta baitzaizkio. Ibai handien inguruetan eraikitzen ditu bere habiak, beti kolonia handiak osatuz. Ehiza beste enaren antzera egiten dute, baina gehienetan ibai ertzetan eta esan bezala, talde handietan. Tarteka, araba-zozoen moduan, mugimendu sinkronikoak gauzatzen dituzte.

Uhalde-enara ere goitik iluna da, arrea, eta papar eta sabela zuriak dituen arren, bizkarraren kolore bereko lepoko bereizgarria du. Horrek eta, bere neurri txikiak eta buztanaren formak bereizten du beste espezietatik.

Enara arruntaren habia etxe atari batean. Heldua hiru txito bazkatzen.

Aipatu bezala, ibai handien hurbiltasuna atsegin dute eta leku lauak. Hori dela eta, Nafarroako eta Arabako hegoaldean besterik ez du kumatzen, batez ere Ebro haranean eta baita Zadorra bezalako beste ibai zabal batzuen inguruan.

Beraz lau hauek dira uda garaian oporretara etortzen diren lau lagunak. Zoritxarrez beste turisten antzera, udazkena hurbiltzean agur esan beharrean izaten dira. Beste hegazti intsektujale asko bezala, Afrika aldean pasatu behar izaten dituzte Gabonak hango uda aprobetxatuz, hemen ezinezkoa izango lukete eta neguan janaririk aurkitu. Hori dela eta irail aldean, uda amaitzear dagoenean eta zuhaitzak beraien lehen hostoak galtzeko zorian daudenean, gure enarak Afrikarako bidaia gertatzen hasiko dira.

Gero eta talde handiagoak bilduko dira, batez ere lezkadi eta kanaberadietan, indarberrituko dira eta gurekin udaberria eta uda pasatu dituzten hegazti ahaztezin hauek hegoalderanzko bidea hartuko dute. Bai gauez eta bai egunez migratzen dute, indartsu, 40-50 km/h batezbesteko abiadura eta azkar-azkar Euskal Herriko zelai eta basoak atzean utzi eta Zaire, Kamerun edo Madagaskarreko oihan eta lurretarantz abiatzen dira. Enara arrunta, azpizuria eta uhalde-enara irail bukaeran, sarri talde berean; haitz-enarari berriz pixka bat gehiago kostako zaio gure larre eta belardiak uztea eta urri bukaeraraino ez du alde egingo. Badira gurean gustura egon eta negua pasatzera gelditzen direnak, baina gutxiengoa da. Eguzkira eta epeltasunera ohituta, Euskal Herriko lanbro eta zirimiriak ez daude beraientzat eginak.

Dena den, badakigu, lehen San Jose loreak loratzen direnerako, berriro izango ditugula gure zelai, sakan eta txoko guztietan gora eta behera etengabe hegan.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia