Goseteek eta izurriek bultzatu zuten laktosarekiko tolerantzia Europan

2022/08/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ikerketan 527 aztarnategitako arrastoak erabili dituzte, tartean, El Portalón de Cueva Mayorrekoak (Sierra de Atapuerca). Arg. Eneko Iriarte Avilés

Pertsona heldu askok ez dute galdu laktosa digeritzeko ahalmena; bereziki, Europan. Aldaketa genetikoen hondorioz, heldu horiek ez dute galtzen laktasa entzima; horrenbestez, inolako arazorik gabe kontsumitu ditzakete esnea eta esnekiak. Aldaketa genetiko horiek azkar hedatu dira azken 10.000 urteetan, eta zientzialariek uste izan dute esne eta esneki gehiago kontsumitzeko aukera izatearekin erlazionatuta dagoela hedapen hori. Alabaina, bestelako arrazoiak bultzatuta gertatu zela erakutsi du Nature aldizkarian argitaratu duten ikerketa batek: goseteek eta patogeno zoonotikoen izurriek azaltzen dute ondoen laktosarekiko tolerantziaren eboluzioa.

Neomilk izeneko proiektu europarraren emaitzak biltzen ditu artikuluak. Proiektu horretan, azken 9.000 urteetako Europako esne-kontsumoaren mapa ebolutiboa egin dute ikertzaileek. Horretarako, zeramikazko ontzi arkeologikoen poroetan geratzen diren esne-gantzen analisia egin dute lehenik. Zehazki, 12.700 hondakin aztertu dituzte, Europako eta Ekialde Hurbileko 527 aztarnategitatik hartutakoak.

Horrez gain, aintzinako gizakien DNA-datuak, datazioak eta datu arkeologikoak konbinatu dituzte, modelizazio informatikoko tekniken bidez; besteak beste, laktosarekiko toleranteak diren populazioak detektatzeko, eta esnekien kontsumoaren agerpenarekin eta bilakaerarekin alderatzeko. Horrela ikusi dute esnearen kontsumoan gertatzen ziren aldaketek ez zutela erlaziorik esnea digeritzeko ahalmenarekin.

Azkenik, Erresuma Batuko Biobanku Genetikoa aztertu dute, gaur egungo populazioan toleranteek eta intoleranteek izan ditzaketen abantaila eta desabantaila ebolutiboak ikertzeko, adibidez, osasunean edo ugalkortasunean. Eta hor ere frogatu dute ez dagoela alde handirik batzuen eta besteen esne-kontsumoan. Are gehiago: esnearekiko intolerantzia duten pertsonei esnea kontsumitzeak ez die ondorio larririk ekartzen, epe luzera.

Goseteak eta izurriak

Hori, ordea, pertsona osasuntsuetan baino ez da gertatzen: ahuldutakoetan edo gaixoetan, laktosarekiko intolerantzia oso kaltegarria izan daiteke. Aintzina ere hala zen. Eneko Iriarte Avilés Burgosko Unibertsitateko ikertzaileak eta proiektuko parte-hartzaileak azaldu duenez, historiaurre berantiarrean, populazioak hazi ahala eta kokalekuen tamaina handitu ahala, giza osasunari gero eta kalte handiagoa egin zieten goseteek eta gaixotasun infekziosoek, bereziki, zoonotikoek. Eta halako osasun-egoeretan, esnea askorentzat elikagai aberatsa bazen ere, hilgarria izan zitekeen laktosarekiko intolerantzia zutenentzat. 

Horrenbestez, “goseteak eta patogeno zoonotikoen eraginpean egotea izan ziren laktosarekiko tolerantzia ekarri zuten aldaketa genetikoen bilakaera ondoen azaltzen duten faktoreak”, baieztatu du Iriartek. Eta gogoeta hau gehitu du: “Paradoxikoki, gaur egungo populazioen heriotza-tasan eragiten duten faktore berberek”.