}

Goseak bizi direnen kopurua erdira murritz al daiteke?

2001/11/25 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Panos Institutua munduaren garapenaren inguruan eztabaida pizteko sortu zen. Egoitza Britainia Handian duen erakunde hori gu bezain ongi bizi ez direnen egoera ezagutarazteaz arduratzen da duela hamabost urtetik. Argitara eman duen azken txostenean, goseak bizi den jendearen egoera aztertu du, 800 bat milioi pertsona, eta etorkizunera begira hartu beharreko neurriez eta nekazaritzaren eboluzioaz mintzatu da.

Azken datuen arabera, 792 milioi lagunek pairatzen du munduan gose kronikoa. Horrek ez du esan nahi ia 800 milioi pertsona goseak hiltzeko arriskuan daudenik. Ongi elikatuta bizitzeko, pertsona bakoitzak egunero 1.710 -1.960 kilokaloria behar ditu eta hori baino 400 kilokaloria gutxiagorekin bizi den oro gose kronikoa pasatzen dutenen kategorian sartzen da.

Nazio Batuen arabera, nekazari pobreen % 60 emakumeak dira.
Elhuyar

Horrela ikusita ez dirudi alde handia dagoenik bi egoera horien artean, baina egon badago, egunero-egunero nahita ez behar baino gutxiago jateak osasun-arazoak sortzen baititu. Gose kronikoak garapen intelektuala oztopatu du, produktibitatea murriztu du eta osasuna ahultzen du. Bi datu: egunero 20.000 lagun hiltzen dira gosearekin erlazionatutako gaitzen ondorioz; goseak eta oinarrizko konposatuen urritasunak umeek ikasteko duten gaitasuna % 10 murrizten dute. Hau da, gose kronikoak ez dio ez norbanakoari ez taldeari duten gaitasun guztia garatzen uzten.

Garapen bidean dauden herrialdeetako behartsuentzat, gosearekin erlazionatutako gaixotasunak karga handia dira familiarentzat, eta horri guztiari hiesa gehitu behar zaio askotan. Izan ere, hiesak jotako senideek ezin izaten dute nekazaritzan lan egin, eta, gainera, besteek baino dieta aberatsagoa behar dute. Egoerak, horrela, okerrera egiten du. Kasu hori oso ohikoa da Saharaz hegoaldeko Afrikan, non 1987. urtetik 7 bat milioi nekazari hiesak jota hil diren. Leku askotan, elikaduraren oinarria bertan ekoitzitako elikagaiak izaten dira eta, beraz, hiesaren eragina handia da, bai produkzioan baita kontsumoan ere. Kontuan hartu gose kronikoa pairatzen dutenen hiru laurden nekazaritza-eskualdeetan bizi direla.

Hala, bada, munduko zazpi biztanletik bat behar adina janari eskuratu ezinik dabil. Kopuruz gehiago dira Asian, baina ehunekotan Afrikak bizi du, dudarik gabe, egoera larriena. Okerren dauden 23 herrialdeetatik 18 Afrikan daude. Beste bostak Afganistan, Bangladesh, Haiti, Mongolia eta Ipar Korea dira.

Gosearen gakoak

Merkatuaren liberalizazioak pobrezia areagotu egiten du.
Elhuyar

Gosearen zergati nagusia txirotasuna da. Jendeak gosea pasatzen du ezin duelako behar adina elikagai eskuratu edo erosi. Hirietako biztanleek eta lurrik ez duten behartsuek diru-sarreren % 50 gutxienez janaritan xahutzen dute eta lurrak dituztenek ere diru apur bat behar dute ekoitzi ezin duten janaria erosteko. Baina zer landu izatea ez da goseak ez bizitzeko bermea.

Panosen ustez, munduko gosea ez da janari-eskasiaren ondorioa; ildo horretatik, merkatu librearen bidez gosearekin amaitzeko modurik ba ote dagoen ala ez eztabaidatu da txostenean. Bertan azaldu denez, merkatuaren liberalizazioak pobrezia areagotu eta garapen jasangarria eragozten du, liberalizazioaren aldekoek ekonomiaren hazkuntza suspertuko zuela adierazi bazuten ere. Izan ere, gutxi batzuek oso merke ekoiztea askotan eskualdeko ekoizleen kalterako izaten da, kanpotik ekarritako jana baino ez kontsumitzera jotzen baitute biztanleek.

Txina eta Asia ekialdeko zenbait herrialde alde batera utzita, merkatuaren liberalizazioak ez du elikagaien prezioa jaitsi eta ez du gosea murrizteko balio izan. Afrikan, adibidez, herrialde pobreen hazkunde ekonomikoa gelditu egin da. Alde batetik, merkatu mundialean duten kuota oso txikia da eta, ondorioz, inportazioaren eta esportazioaren desoreka eragoztea ezinezkoa gertatzen zaie. Horrela, herrialde aberatsetako merkatua etxean sartu zaie, baina beraiek ezin izan dute kontrako bidea egin.

Nekazaria lanean.
Elhuyar

Hain zuzen ere, Merkataritzarako Mundu Erakundeak Qatarren egin duen bilerarako prestatu nahi izan du Panosek txostena. Ildo beretik, Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundeak (FAOk) nekazaritza-merkatuaren erreformak garapen bidean dauden herrialdeak kontuan hartu behar dituela esan die han bildutakoei. Zehazki, produktibitatea eta lehiakortasuna areagotzeko berariazko neurriak hartzera bultzatu ditu, garapen bidean dauden herrialdeak aldi baterako inportazio-fluxuetatik babesteko eskatu die eta esportazioen atea ireki diezaieten gonbita egin die.

FAOk eta Panosen txostenak argi uzten dute gosearekin akabatzekotan nekazaritzaren garapena funtsezkoa dela. Garatzen ari den munduaren errentaren % 60-70 nekazaritzatik dator eta goseak bizi diren gehienak nekazariak dira. Beraz, sektore hori ongi kudeatuz gero, gosearekin akabatzea posible izango dela uste dute.

Baina nola? Etorkizuneko nekazaritza

Etorkizuneko nekazaritzaren inguruko eztabaidaren parte handi bat nekazaritza-moduei dagokiena da. Zer da egokiagoa, emankortasuna handitzeko, izurriteak kontrolatzeko eta eskariari aurre egin ahal izateko: aurrerapen teknologiko guztiez baliatzea ala, etekina txikiagoa izango bada ere, pestizida eta ongarri gutxiago erabiltzea? Nekazaritza industriala egin behar da ala ustiategi txikien aldeko apustuari eutsi behar zaio?

Aukera bata zein bestea gizarte-eredu zehatzekin lotuta daude eta, gaur egun, lehena dago indarrean. Bigarrenak, nekazaritza jasangarriaren ereduari jarraitzen dio eta gobernuz kanpoko erakundeen gogokoena da. Baina nekazaritza jasangarria ez da filosofia hutsa. Nazio Batuen IFAD Erakundeak nekazaritza-eskualdeetako pobreziari buruz egin zuen txostenean esaten denez, ustiategi txikiekin oreka ekologikoa gordetzeko aukerak handiagoak dira, eta, kondizio egokietan, handiak baino emankorragoak eta eraginkorragoak izan ohi dira.

Gosetu gehienak nekazariak izan ohi dira.
Elhuyar

Beste aukera bat nekazaritza organikoa da. FAOk argitara eman berri duen ikerketa batean, fruta eta barazki organikoen merkatua garatzen ari diren herrialdeentzako aukera ona izan daitekeela esan dute. Herrialde horiek produktu gutxi batzuk besterik ez dituzte esportatzen eta dibertsifikatzeak mesede handia egin diezaiekeela uste dute. Estatu Batuetan, Europan eta Japonian fruta eta barazki organikoen eskariak barne ekoizpena gaindituko duela iragarri da eta, ongi jokatuz gero, merkatu horietan tarte bat izan dezakete. Dena ez da arrosa kolorekoa, ordea.

Oraindik orain nekazaritza organikoa gutxiena da, merkatuaren % 1, eta oso posible da herrialde garatuek azpigaratuen produktuei trabak jartzea, haien zertifikazio-sistemez fidatzen ez direlako. Edonola ere, garatzen ari diren herrialdeen nekazaritza-ekoizpena handitu egin beharko da goseari aurre egiteko, hemendik esportatzeak ez die eta orain arte balio izan.

Janariaren Munduko Goi Bilera, helburuak bete ezinik

1996an Erroman egin zen Janariaren Munduko Goi Bileran, 2015 urterako goseak jota daudenen kopurua erdira jaistea hitzartu zuten 186 herrialdetako agintariek. Horretarako, helburu garbia ezarri zuten: urtero gosea pairatzen duten 20 milioi pertsona gutxiago egotea munduan. Aurten, azaroaren 5a eta 9a bitartean, egoeraren analisia egiteko biltzekoak ziren, baina Estatu Batuetako gertakarien ondorioz bilera bertan behera geratu zen.

Azkenean, datorren urteko ekainean egingo da goi-bilera eta, mirariren bat gertatu ezean, helburuak ez direla bete izango da eztabaidagaia. Izan ere, 5 urte pasa eta gero, goseak bizi direnen kopurua 8 milioi inguru baino ez da murriztu urteko. Era horretara, gutxienez beste 15 urte beharko lirateke goi-bilera hartan ezarritako helburuak lortzeko. Hau da, 2030. urtean, oraindik 400 milioi pertsona baino gehiago egongo lirateke goseak.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia