GLP-1 hartzaileen agonistek espero gabeko onura izan dezakete patologia psikiatrikoetan, bereziki, semaglutidak, asaldu bipolarrean. Hala ondorioztatu dute Griffith Unibertsitatean (Australia), asaldu bipolarraren eta diabetesaren diagnostikoa duten ia 15.000 suediarren datuak ikertuta.
Zehazki, 2009-2024 urteen bitarteko datuak aztertu dituzte, eta Acta Psychiatrica Scandinavica aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak, irekian.Azterketaren parte-hartzaileetatik, 5.200 pertsonak hartzen zuten GLP-1 agonistaren bat.
«semaglutida (Ozempic edo Wegovy) hartzen zutenek % 21 ospitaleratze gutxiago izan zituztela arazo psikiatrikoengatik»
Hala, ikusi dute semaglutida (Ozempic edo Wegovy) hartzen zutenek % 21 ospitaleratze gutxiago izan zituztela arazo psikiatrikoengatik semaglutida hartzen zuten bitartean, hartzen ez zutenean baino. Gainera, semaglutidak % 17 murriztu zuen asaldu bipolarraz berriz gaixotzeko arriskua.
Aldiz, bestelako GLP-1 agonistak hartzen zituztenetan, hala nola liraglutida eta dulaglutida, ez zuten halako onurarik antzeman.
Ikertzaileek ohartarazi dute behaketa-azterketa bat dela, eta, beraz, ezin dela kausa-eragina ondorioztatu. Horrez gain, ezin da jakin emaitzak zenbateraino izango ziren berdinak Suediako osasun-sistematik kanpo. Nolanahi ere, semaglutidak osasun psikikoak duen eraginan sakontzeko bide bat ireki dute ikerketarekin.
Erlazionatuak
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia



