}

GIBaren aurkako antigorputz aitzindariak sortzea lortu dute txerto berri batekin

2022/12/07 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

gibaren-aurkako-antigorputz-aitzindariak-sortzea-l
Arg. LuAnn Hunt/Pixabay

GIBaren aurkako txerto bat sortzeko estrategia berri batek emaitza itxaropentsuak eman ditu. Science aldizkarian argitaratu dutenez, I faseko saio kliniko txiki batean, parte-hartzaileen % 97k erantzun zabaleko antigorputzen aitzindariak sortu ditu, eta txertoak ez du albo-ondorio nabarmenik izan. Lehen pauso bat baino ez den arren, garrantzitsua da, txertoak egiteko estrategia berri bat berresten baitu. Estrategia hori baliagarria izan liteke, GIBaz gain, andui desberdin asko izan ohi dituzten beste birus batzuen aurka ere, hala nola gripearen birusa edo koronabirusak.

GIBaren aurkako txerto batek arrakasta izango badu, erantzun zabalekoa izan behar du; alegia, GIBaren andui desberdinak ezagutzeko gai izango diren antigorputzak sortu beharko ditu. Orain arte hori lortzea ezinezkoa izan da. Izan ere, infekzioen bidez ere oso arraroa da halako espektro zabaleko antigorputzak sortzea, eta gizakion immunitate-sisteman ez dira batere ohikoak. GIBarekin infektatutako pertsona gutxi batzuek, ordea, sortu izan dituzte. Bada, hori txerto bidez lortzeko, antigorputzen lerro germinalean edo jatorrian eragitea da estrategia, eta, horrela, espektro zabaleko antigorputz bilakatzeko gai izango diren B zelula aitzindariak sorraraztea. Horretarako diseinatu dute txerto berria, eta txertoa hartu zuten 36 boluntariotatik 35ek B zelula aitzindari horiek sortu zituzten. 

Dena den, ez dago argi oraindik horrek birusarekiko zenbaterainoko babesa emango duen. Izan ere, hurrengo pausoa litzateke antigorputz aitzindari horiek antigorputz heldu bilakatzea, beste antigeno baten bidez. Hori lortuko balitz, benetako aurrerapausoa litzateke GIBaren aurkako txertoa lortzeko.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia