}

Gaurko menuan, genetikoki eraldatutako izokina

2001/08/05 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Lehen plater gisa, genetikoki eraldatutako sojaz eta artoz hornitutako entsalada eder bat, eta ondoren, behi eroaren txuleta eder bat. Bazkari goxoa ezta? Baina ez al da arrain pixka bat falta? Lasai, genetistak ere ohartuak ziren hutsune horretaz, eta manipulazio genetiko batzuk tarteko, sei aldiz azkarrago hazten den izokina datorren urtean merkaturatzeko moduan egon daiteke.

Genetikaz asko hitz egiten da azken aldian, eta arazo etikoak zailegiak direnez, laborategian sartu eta munduko protestei entzungor eginda, buru-belarri ari dira lanean genetistak. Orain arte, haien lan esparrua landareetara mugatuta egon da, baina anbizio handiko jende hori ezin geldik egon eta animaliekin ere hasi dira lanean. Datorren urterako merkatuan egon daiteke sei aldiz lasterrago hazten den genetikoki eraldatutako izokina. Ondorioak zein izango diren? Lehenik eta behin, izokin-hazleen poltsikoak berotzea eta, bigarrenik, oraingoz erabateko ziurtasunik ez badago ere, kontsumitzailearen osasunean eta naturan sortuko dituen desorekak aipatzen dituzte mesfidatiek.

Izokinak arrain-haztegi batean.

Ondorioak ondorio, orain arteko lanak ez dirudi atzera bueltarik izango duenik. AquaBounty Farm enpresa estatubatuar-kanadarrak Estatu Batuetako Elikagaietako eta Sendagaietako Agentziaren baimenaren zain dago, eta dena ongi badoakie, datorren urtean helduko da genetikoki eraldatutako izokina kanadarren eta estatubatuarren platerera, eta handik asiarrenera. Europarroi genetikoki eraldatutako produktuek erreparo gehiago ematen digutela eta, oraindik ez omen da horrelakorik gurera helduko, baina A/F Protein enpresako presidenteak europarrak konbentzituko dituzten esperantza omen du.

Genetikoki eraldatutako izokinaren historia

Hazkunde azkarreko izokinaren historia 1986an hasi zen. Ternuako Memorial Unibertsitateko Choy Hew eta Garth Fletcher biologoak hotz handiak jasan ahal izango zituen izokina sortzen hasi ziren. Horretarako, tenperatura baxuetan bizi den limanda espezie baten ‘izotzaren genea’ hartu eta izokinari sartu zioten. Hori lortuz gero, salmonidoen errege den izokinaren bizitokia Kanadako iparraldeko kostetara zabalduko zen. Baina gauzak ez ziren uste bezain ongi atera, eta izokin berriak ez zuen hotzaren aurkako erresistentziarik erakutsi.

Amuarrain arrautzak.

Baina, genetisten lana ez zen alferrikako suertatu. Izan ere, gene berriak hazkunde hormona sintetizatzen duen genearen jarduera estimulatzen zuela ohartu ziren. Kasualitatea izan ote zen ala ez batek daki, baina genetisten eta enpresarien poza handia izan zela behintzat ezin zalantzan jarri. Horrela jaio zen 1991n arrain-hazleen kuttuna izango zen izokin berria.

Milioika arrautza eta 10 milioi dolar kostatutako lana izan zen, baina Arnold Sutterlin biologoaren arabera, merezi izan zuen. "Lorpena uste baino handiagoa izan da. % 30eko hazkunde-hobekuntza izango zuten izokinak lortuko genituela uste genuen, baina % 400-600 handiagoa izan da". Izokin horrek merkaturako tamaina 14 hilabetetan lortzen du, hau da, izokin naturalak baino 22 hilabete lehenago. Tamaina horretatik aurrera, berriz, genetikoki eraldatutako izokin-ak ez direla naturalak baino gehiago hazten azpimarratzen dute, behin eta berriz, lanean ibili diren biologoek.

Orain, merkaturatu ahal izateko, gizakion osasunean kalterik ez duela eragingo frogatu behar dute industrialariek, hau da, ez duela ez alergenorik ez eta toxinarik. Izokin naturalaren bitamina, mineral, proteina eta lipido kantitateak ere antzekoak izan beharko ditu eta gantz-metatzerik, tumorerik, eskeletoaren deformaziorik ez duela frogatu behar da. Baina proba guztiak gaindituta daudela pentsa daiteke izokin-haztegiek, jadanik, 15 milioi arrautza erosi baitituzte.

Izokin-kaxek ezagutzen al dute segurtasun-neurririk?

Izokinari arrautzak ateratzen.

Gizakiak munduaren alde batetik bestera eramandako espezieak asko izan dira eta gehienek ondorio txarrak izan dituzte bizileku berrian. Adibidez, 60ko hamarkadan, Nil ibaiko perka arrunta Afrikako Victoria aintziran sartu, eta hamarkada bat nahikoa izan da perka baino txikiagoak ziren 400 bat espezieen stocka % 80tik % 2ra pasatzeko. Probabilitate guztien arabera, bertako espezien % 50 desagertu da, ez baitziren gai izan arrain harrapari berriaren atzaparretatik ihes egiteko.

Oraingoan, espeziea habitat batetik bestera eraman beharrean sortu egin dute. Noski, helburua ez da naturan libreki uztea, baina nork sinets dezake, hazkuntzarako kaxetatik ez duela genetikoki eraldatuta izokinik ihes egingo?

Genetikoki eraldatutako izokinen ikerketan inplikatutako enpresek izokinak alde egiteko aukerak hutsalak direla adierazten dute. Beraien hitzetan, lurreko haztegietan haziko lirateke izokinok (haztegi gehienak itsasoan egon arren). Gainera, ez dago beldurtzeko batere arrazoirik, itsasoko haztegietako izokin denak antzuak izango bailirateke. Horrela, ihes eginez gero, izokin naturalekin ugaltzeko aukerarik ez lukete izango. Hitz ederrak eta zalantza izpirik gabe esandakoak segurtasuna islatzen dute, baina ekologistak ez dira batere fio, eta, dirudienez, arrazoiak ez zaizkie falta.

Ekologistak mesfidati

Izan ere, jadanik, esperimentuak egin diren haztegietan kontrolatu gabeko ihesaldiak gertatu diren zurrumurruak zabaldu dira. Oraindik, ez dago gertaera horren erabateko segurtasunik, baina ekologisten hitzetan agerian gelditu da haztegiek ez dutela % 100eko segurtasuna bermatzen. Gainera, errezelo hori genetikoki eraldatutako landareekin gertatutako zenbait gertaerak indartu egiten dute. Adibidez, 1997an, 300 hektarea ereiteko adina baimendu gabeko genetikoki eraldatutako koltza saldu zuen Kanadan Monsantok.

Akuikultura ez da berria, baina asko aldatzen ari den sektorea da: arrain tripoideak, elikadura-irinak eta, orain, genetikoki eraldatutako arrainak

1998an, azukre-beterrabarekin izan zuten deskuidua, eta azukre-findegian, genetikoki eraldatutako azukre-beterraba azukre normalarekin nahasia izan zen. Segurtasun neurri urriengatik edo arrain-hazlearen hutsegiteengatik ihes eginez gero ondorioak larriak izan daitezke. Izan ere, hazkunde lasterrak, izokinaren bizitzaren lehen faseetarako, elikagai behar handiak eskatzen ditu, eta horrek desorekak sor ditzake ekosistemeten.

Bestalde, biologoek tenperatura baxuetara egokituko den izokina oraindik sortu ez badute ere, interes handiak daude horretarako; eta arriskua ekosistema berrietara zabalduko litzake.

Antzutzeari dagokionez, gaur gaurkoz, ez dago arrainak % 100 antzutzen dituen teknikarik; eta arrainen % 99 antzua izatea ez da nahikoa, genetiko eraldatutako izokinak bizkorrago hazten direnez ugaltzeko ere erakargarriagoak baitira.

Populazio handi bat desegiteko azkarrago hazten diren arrain gutxi batzuk nahikoak direla ikusi dute Purdue Unibertsitateko ikerlariek. Genetikoki eraldatutako arrainek gene aldaketa hori bigarren belaunaldiari transmititzen diote, baina bigarren belaunaldiaren biziraupena asko murrizten da, horrela denborarekin izokina desagertzeko bidean jarriz. Gene aldaketari ‘Troiako gene’ deitzen diote, erakargarri bai baina azken finean ugalketa espeziearen kalterako izango bailitzake.

Genetikoki eraldatutako arraina gosetearen aurka


Arrain-hazleek nolako polemika sortu den ikusita argudio berria plazaratu dute. Genetikoki eraldatutako arrainak ez dira akuikulturako enpresa handiek etekin handiagoak ateratzeko egin, munduko goseteari amaiera emateko baizik.

Elliot Entis A/F Protein enpresako presidenteak hau esan zuen: "hazkunde lasterreko izokinak hazkuntza intentsiboa garatu, ekoizpen-gastuak murriztu eta, ondorioz, arrainaren prezioa jaistea ahalbidetuko du". A ze pagotxa enpresari handi horientzat! ai, barkatu!, goseak hiltzen ari diren afrikarrentzat!

Baina noiztik dira Afrikako ur epelak izokinaren gustukoak? Lasai, horretan ere pentsatua dute eta ur epeletako arrainak ere genetikoki eraldatzeko bidean dira. Gainera, ideia berriak ere sortu zaizkie, eta, orain, proteinetan aberatsak diren leguminosoak digerituko dituzten arrainak sortu nahi dituzte. Genetika ama bizkorra da gero!

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia