Gaurko egunez giza populazioa infinitua izango zela iragarri zuten

1960an Science aldizkarian argitaratu zen artikulu batek iragarri zuen 2026ko azaroaren 13an munduko giza populazioa singularitate matematikoko egoera batera iritsiko zela eta populazioa infinitua izango zela. Jakina, iragarpen hori ez da bete.

ARG.: Hans/Pixabay


Heinz von Foerster ikertzaileak eta kideek Munduaren amaiera: 2026ko azaroaren 13a artikulu ospetsua argitaratu zuten 1960an. Artikuluan ondorioztatu zuten, azken 2.000 urteetako giza populazioaren hazkunde-tasa kontuan izanda, gaurko egunez populazioa matematikoki infinitua bilakatuko zela. Iragarpenaren porrotak erakusten du arriskutsua izan daitekeela garai jakin batean iraunkorrak diruditen egoerak lege unibertsaltzat hartzea.

«Von Foersterren eredua nahiko zehatza izan zen XX. mendearen zati handi batean, baina iragartze-ahalmena galtzen joan zen baldintza demografikoak aldatu ziren heinean»

Azterketaren egileek ongi hauteman zuten hazkunde demografikoa eredu esponentzialen arabera baino bizkorrago ari zela hazten. Munduko giza populazioak gizateriaren historia osoa behar izan zuen 1800. urtean mila milioi biztanle izatera iristeko. Alabaina, urte horretatik aurrera, 125 urte soilik behar izan ziren biztanleria bikoizteko, eta handik 50 urte geroago bikoiztu zen berriro, eta 4 mila milioi pertsonara iritsi.

Von Foerster eta kideek aztertu zuten giza populazioa nola hazi zen K.a. 1. urtetik 1958ra bitartean, eta eredu hiperboliko bat definitu zuten: hazkunde demografikoa ez da konstantea, handitu egiten da populazio-tamaina handitu ahala. Hala, eredu hiperboliko horren arabera, giza populazioak infinitura jotzen du denbora-tarte finitu batean. Alabaina, ikertzaileak okertu egin ziren, historikoki ezohikoa zen hazkunde-tasa bat ezaugarri iraunkortzat hartu baitzuten.

Science aldizkarian argitaratutako saiakera batean Javier A. Birchenallek azaldu duenez, hazkunde demografikoa dezeleratzen hasi zen 1960ko hamarkadan. Von Foersterren eredua nahiko zehatza izan zen XX. mendearen zati handi batean, baina iragartze-ahalmena galtzen joan zen baldintza demografikoak aldatu ziren heinean.

Birchenallek dio,1960ko hamarkadako hazkunde-tasaren gorakada nola aldatu zen ikusita, ez litzatekeela erabili behar gaur egungo ugalkortasun-tasaren beherakada etorkizun urruneko iragarpenak egiteko.

2026ko azaroaren 13an, munduko giza populazioa 8.300 milioi pertsona ingurukoa da, eta hazten jarraituko du, baina hazkundea abiadura galtzen joango da. Gaur egun, Japoniako populazioak urtean % 0,77 egiten du behera; datu hori joera unibertsal eta iraunkor bat dela onartuko bagenu, iragarriko genuke 3108ko maiatzaren 5ean ez dela gizakirik biziko Lurrean. Iragarpen hori ez da okerra ikuspuntu matematikotik, baina hipotesi honetan oinarritzen da: ugalkortasuna ez da aldatuko.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia