Garraioa deskarbonizatzea zailtzen duten arrazoiak nabarmendu dituzte

2021/11/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

COP26 klimaren gailurrean eztabaidatu ziren gaietako bat garraioa izan da, hura baita isurien % 21aren jatorria. Hala, hainbat irtenbide proposatu dira garraioari lotutako isuriak gutxitzeko. Oxford Unibertsitateko Garraioa, energia eta ingurumena saileko Christian Brand ikertzaileak, ordea, helburuak lortzeko dauden zailtasunak nabarmendu ditu artikulu batean.

Lehenik eta behin, ohartarazi du eskaera zuzenean lotuta dagoela populazioaren eta ekonomiaren hazkundeei. Gaur egungo neurriak kontuan hartzen dituzten ereduen arabera, 2050erako garraio-jarduera bikoiztu egingo litzateke, 2015arekiko. Eta garraioa deskarbonizatzeko aurrerapen teknologiko guztien onura ezereztatuko luke hazkundeak. Gainera, neurri eraginkorrak proposatu direnean, jendeak haien aurka egin du, adibidez, garraiobideak egokitzea edo zerga handiagoak jartzea erregai fosilei.

Beste arrazoi nabarmen bat da garraioan erabiltzen den erregaiaren % 95 petroliotik eratorria dela. Petrolioa karbono gutxiko erregaiekin ordezkatuz gero (elektrizitatea, esaterako), nabarmen murriztuko lirateke isuriak. Baina aurreikuspen baikorrenen arabera ere, adibidez, hamarkada honen amaierarako munduko auto-salmenta berrien %60 auto elektrikoena izango balitz ere, autoen karbono dioxido-isuriak %14 baino ez lirateke jaitsiko, 2018koekin alderatuta.

Horrekin lotuta, auto elektrikoekin itsututa gaudela iritzi dio Oxfordeko ikertzaileak. Izan ere, mezu gehienetan, onurak baino ez dira aipatzen. Alabaina, ibilgailu elektrikoen bizi-zikloaren isuriak erabilitako elektrizitate-, bateria- eta material-motaren araberakoak dira. 

Gainera, auto elektrikoek ez dituzte konpontzen ibilgailuen zirkulazio-pilaketaren, segurtasunaren eta beste arazo batzuk, hala nola, arrakala soziala areagotzea. Hori agerikoa da herrialde pobretuetan, non boteretsuek eta aberatsek bakarrik izan ditzaketen auto elektrikoak.

Autoak alde batera utzita, hegazkinak elektrifikatzeko aukera urrun dago oraindik. Branden esanean, erregaia aldatzea baino eraginkorragoa litzateke, oraingoz, hegaldi-kopurua gutxitzea, hegazkinak hartzeko ohitura dutenetan jartzea fokua: 2018an,  populazioaren %1-k sortu zuen isurien % 50. Munduko populazioaren % 80k ez da inoiz hegazkinez ibili. Hortaz, populazioaren zati txiki baten ohitura-aldaketak eragin handia izan dezake.

Itsas garraioa aldatzea ere oso da zaila, merkatu globalean esku-hartzea oso konplexua baita. Hala ere, litekeena da isuriak neurri batean murriztea, erregai berdeagoak erabilita eta abiadura motelduta: % 20 mantsoago joanda, % 24 jaisten dira karbono-isuriak.

Alderdi kulturalari ere erreparatu dio Brandek. Izan ere, haren ustez, jende askok ez du onartzen autoa edo hegazkina albo batera uztea, estatusarekin eta askatasun indibidualarekin lotzen dutelako ibilgailua edo hegan egitea.

Horrekin batera, gure bizimoduari eusteko eraiki ditugun azpiegiturak orain arteko garraio-ohituretan oinarrituta daudela azpimarratu du Brandek. Horrenbestez, bizimodua bera aldaztu beharko genuke, garraioa ere aldatzeko. Horregatik da hain zaila garraioa deskarbonizatzea.