Nora Alcelay Uribeecheverriak Adimen Artifizialeko gradua eta Ikusmen Artifizialeko masterra egin ditu; ingelesa, frantsesa eta alemana dakizki, eta, aitortu duenez, musika eta jarduera kulturalak bere bizitzaren parte dira betitik. Hain zuzen, legazpiarra da, eta herriko bandan oboea jotzen du, Sustraiak Dantza Taldeko kidea da, eta Sorgintxulo Alai aisialdi-taldeko monitorea.
Argi dago askotariko zaletasunak dituela, baina, gogoratu duenez, txikitan ez zeukan asmorik gerora informatikaren edo teknologiaren munduan sartzeko. “Nire familiako guztiak joan izan dira osasun aldetik. Baina niri odola ez zaidanez batere gustatzen, eta ikusita matematiketan ondo moldatzen nintzela, hortik jotzea pentsatzen nuen. Gero, ordea, ezagun batek esan zidan karrera berri bat atera zutela EHUn eta oso interesgarria ematen zuela. Adimen Artifizialeko gradua zen. Begiratu nuen, eta pentsatu nuen erronka polita izango zela, eta horrelaxe sartu nintzen, adimen artifizialaz askorik jakin gabe”.
Gainerako jendeak ere ez zekien ondo zer zen adimen artifiziala, eta, orain ere, iruditzen zaio gehienentzat adimen artifiziala ChatGPT eta antzekoak direla, ez gehiago. “Normala da, hori baita denek erabiltzen dutena. Baina hori zati bat baino ez da. Oro har, adimen artifiziala informatikaren alor bat da, datu asko-askotan oinarrituta ereduak sortzen dituena. Ereduak izan daitezke linguistikoak, baina baita osasun-arlokoak ere, edo meteorologikoak, teknologikoak…”, azaldu du Alcelayk.
«pentsatu nuen erronka polita izango zela, eta horrelaxe sartu nintzen, adimen artifizialaz askorik jakin gabe»
Gradua berria izanik, ez zekien ondo zer aurkituko zuen. Hala ere, asmatu zuelakoan dago. Bereziki gustatu zaio adimen artifizialak daukan ahalmena aurreikusteko edo iragartzeko. “COVID-19aren garaia zen, eta ikusi genuen nola balio zuen iragartzeko zenbat kasu egongo ziren, adibidez. Diagnostikoetarako ere erabiltzen da, eta gaitzak hobeto ezagutzeko, esaterako, alzheimerra... Uste dut onura handia ekartzen duela arlo askotan”.
Gutxien gustatu zitzaiona, berriz, hardwarearekin lotutako kontuak, telekomunikazio-sareak eta halakoak izan ziren. “Bestela, oso gustura egon nintzen. Gehienak neskak ginen, seguru asko, karrera berria zelako, eta, notaren arabera sartzen ginenez, neskak ginelako nota altuenak genituenak”.
Gogora ekarri du Informatika ingeniaritzen barruan sailkatzera igaro zirenean, aldaketa egon zela neska-mutil proportzioan: ordura arte, genero-aldetik nahiko orekatua bazegoen ere, ingeniaritza izendatu zutenean, mutilen proportzioa nabarmen handitu zen, eta gaur egun ere horrela da.
«paradoxikoa ere bada, karreran gehiengoa neskak izanda, ikustea adimen artifizialak genero-alborapena duela»
“Esanguratsua iruditzen zait”, azpimarratu du Alcelayk. “Bestalde, paradoxikoa ere bada, karreran gehiengoa neskak izanda, ikustea adimen artifizialak genero-alborapena duela. Espero dut etorkizunerako konponduko dela, baina, oraingoz, horrela da”.
Orain, CEITen dabil lanean, trenen komunikazio-sistemak ikertzen eta hobetzen, eta kanpotik etortzen zaizkien proiektuetan. Etorkizunera begira, hasieran osasun-arloan sartzea pentsatu bazuen ere, seguru asko teknologiaren sektorean jarraituko duela uste du orain: “Azken finean, ni Goierrikoa naiz, eta hemen jarduera industrialak indar handia du, eta gustukoa dut lana”. Dena dela, ez du aterik itxi nahi: “Irekita nago”, baieztatu du. Etorkizunak esango du!
Nora Alcelay Uribeecheverria Legazpin jaioa da, 2002an. Adimen Artifizialeko gradua eta Ikusmen Artifizialeko masterra egin ditu, eta gaur egun CEIT zentro teknologikoan dabil lanean.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia



