Balio al digu euskarak esan nahi duguna nahi bezala esateko? Haserretzeko, adarra jotzeko, norbait limurtzeko? Ala horretarako ere erdararen laguntza behar dugu, euskara gaixoa ez dadin gehiegi nekatu? Euskararen gezatasunak arduratzen gaitu, dirudienez. Zuzenak izatera, ordea, ez genioke hizkuntzari egotzi beharko gure mingainen kamustasuna. Euskarak badaki zorrotz eta jostari izaten, baldin eta hiztunok hala erabiltzen badakigu. Adierazkortasuna, azken batean, esan nahi den horixe taxuz eta graziaz esatea da, entzulearengan nahi den emozio eta erreakzioa sortzea; eta, horretarako, hizkuntza erabiltzeko aukerak eta ohitura behar dira.
«Ebaluatzaileek askotan makinek esandakoa hobetsi zuten, jatorrizkoaren indarra eta grazia hobeto jasotzen zituztelakoan»
Hiztunon adierazteko zailtasunak arduratuta gauzkala, bat-batean, gure ordez jarduteko prest ditugu adimen artifizialeko laguntzaileak edo txatbotak. Haien oinarrian dauden hizkuntza-eredu handiek testu-kopuru izugarriak baliatzen dituzte ikasteko: hitzen arteko loturak berenganatu, eta, aurrekoen arabera, hurrengoak zein izan daitezkeen kalkulatuz sortzen dute testua. Hizkuntza guztiek, ordea, ez dute pisu bera ikasketa horretan. Euskarak material gutxiago du eskura, eta material horren kalitateak eta nolakotasunak ere badute zerikusia emaitzarekin. Beste hizkuntzetatik ikasitakoak lagundu dezake, baina haien moldeak euskarara lerratzeko arriskua ere badago. Hizkuntza-eredua handia izateak ez du esan nahi euskaraz aritzeko gaitasuna ere halakoa duenik.
Eta, hala ere, badute grazia makinek. Batzuetan, behintzat. Aurtengo Jakin jardunaldirako HiTZ Zentroan egindako saio batean, adierazkortasun-erronkak zituzten 80 esaldi itzuli zituzten lau AA-laguntzailek eta itzultzaile profesional batek, euskaratik gaztelaniara eta alderantziz. Hamabi ebaluatzailek erkatu zituzten itzulpenak, eta askotan makinenak hobetsi, jatorrizkoaren indarra eta grazia hobeto jasotzen zituztelakoan. Makinek testu adierazkorrak sortu ditzakete, beraz. (Adierazkortasuna makinarena berarena ote den, hiztunarena dela esan dugun zentzu berean, beste zutabe baterako utziko dugu…)
Gureari helduta, bada zer pentsatua. Erabilera aktibo eta askotarikoak ematen badio hauspoa adierazkortasunari, zer gertatuko da esatearen lanketa makinen esku uzten badugu? Haien esanak gure eginda, gure esateko ahala ere handitzen al da? Ez da ezinbestean hala izango. Tresnek euskara geza sortzeak ere kezkatzen gaitu, arrazoiz. Baina tresna zorrotzak edukitzeak ere ez digu berez mingaina zorrozten. Euskarazko AAren aurrerapena neurtzean, sortzen dituen testuez gain, hiztunoi zer dakarkigun ere kontuan hartu beharko genuke. Izan ere, makina esanindartzea lorpen ederra da, baina, ordainetan, ez ahal gara gu geu are eta kamutsago geldituko.
Naiara Perez Miguel
HiTZ zentroko ikerlaria eta EHUko irakaslea