Ez dago erlaziorik txerto hirukoitza eta autismo-arriskuaren artean
2001/02/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Autismoa diagnostikatu berri zaien hamabi urtetik beherako 305 haurren datuak aztertu zituzten 1988-99 bitarteko epean. Gauza bera egin zuten 1988-93 urteetan jaiotako 2-5 urte zituzten 114 umerekin.
Hamabi urte edo gutxiago zuten haurren artean 7 bider areagotu ziren autismoa diagnostikatutako kasuak: 1988an 10.000 pertsonatik 0,3 kasu bildu ziren, 1999an berriz, 10.000tik 2,1 pertsona. 2-5 urteko umeetan, autismoa diagnostikatutakoen kopurua ia 4 aldiz biderkatu zen, 1988an 10.000tik 8 kasu izatetik 10.000tik 29 kasura 1999an.
Bestalde, urte horien artean txerto hirukoitza jasotako umeen ehunekoa ez da aldatu; urtean jaiotako umeen %97ri jarri zaie eta neska edo mutilen arteko bereizketarik gabe.
Txerto hirukoitza autismo-kasuen igoeraren erantzule garrantzitsuena balitz, jaioberri guztiak sistemaz txertatzen urte batzuk igaro ondoren, autismo-kasuen gorakada gelditu egingo litzateke. Baina azterketaren emaitzek erakusten dutenez, ez da hala gertatu. Ikertzaileen ustean, autismo-kasuen gorakada hori beste arrazoi batzuengatik izan daiteke: gurasoak gaixotasuna hobeto ezagutu eta lehenago jabetzeagatik, medikuntzako langileek ere kasu berrien aurrean arreta gehiago jartzeagatik, diagnosi-irizpideak aldatzeagatik edo oraindik ezagutu gabeko inguruneko beste faktoreengatik.
Azterketa horri esker, beraz, txerto hirukoitza eta autismoaren arteko erlazioari buruzko kezka argitu ahal izan da.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia