Adituek aspalditik ezagutzen dute paradoxa hau: euriak akuiferoen ur-kopurua handitzen badu ere, euri-zaparrada bortitzek lurra lehortzen dute. Orain, New Hampshire-eko Dartmouth Collegeko talde batek sortutako eredu matematikoek ekarri dute azalpena eta kuantifikatu dute efektua. Etorkizunerako simulazioek diote, tenperatura globalak 2 gradu handituta, euri bortitzak eragindako lehorteak munduko populazioaren % 27ri eragingo diotela.
Euriak ura ekartzen du berez: ur hori akuiferoetaraino iritsi eta ur-erreserbak beteko ditu. Baina ez kondizio guztietan. Eredu teorikoen arabera, euria bortitza baldin bada, ur horren kantitate handia azkar lurruntzen da eta ez da inoiz akuiferoetara iristen. Eta ondorio globala da akuiferoen lehortzea.
Azken batean, ur-erreserbaren aldaketa bi faktore horien araberakoa da. Zenbat euri egiten duen eta zenbat lurruntzen den; bi horien arteko balantzea aztertzen dute hidrologoek. Faktore gehiago daude, noski: urtzen den elurra, edo zenbat ur xurgatzen duen landarediak, adibidez. Baina normalean, ur-kantitate jakin bat zenbat denboran erortzen den uholde arriskuari begira aztertzen da. Nolanahi ere, ereduen arabera, denbora horrek lurruntze-tasan ere eragiten du.
Eta ereduak ez ezik, adituek GRACE sateliteak hartutako datuak ere erabili dituzte. Hain zuzen ere, datu horiekin baieztatu dute eredu teorikoen zuzentasuna. Satelite horrek mundu osoko datuak jasotzen ditu egoera hidrologikoak igortzen duen erradiazioa neurtuta. Aditu hauek baztertu dituzte Groenlandiako eta Antartikako zatiak (izotzaren ondorioz beste dinamika bat dutelako), eta simulazioak egin dituzte baita etorkizunari begira ere. Esandakoa, tenperatura globalak 2 gradu handituta, lehorteak munduko populazioaren % 27ari eragingo dio.
Guillermo Roa Zubia
Kimikako doktorea eta Elhuyar Zientziako erredaktorea



