Hhiriguneetako bero-boladak eta poluzioa arintzeko, irtenbide berde bakarra aplikatu beharrean, askoz ere eraginkorragoa da erabaki integralak hartzea. Bartzelonan, adibidez, hiri-parkeak, hiri-inguruko nekazaritza-sistemak eta teilatu zuriak konbinatuta, 1,5 ºC jaitsi daiteke tenperatura, beroaldietan. Ondorio horretara iritsi da Ingurumen Zientzia eta teknologia Institutu katalana (ICTA-UAB), URBAG proiektu eruoparraren barruan.
Bartzelonako metropoli-barrutian egindako simulazioek erakusten dutenez, teilatuak zuriz margotzeak bereziki apaltzen ditu eguneko tenperaturak, erdiko eremuetan eta eremu trinkoetan. Neurri azkarra, nahiko ekonomikoa eta bereziki eraginkorra da auzo trinkoetan. Gainera, berdeguneak handitzearekin konbinatuz gero, efektua 24 orduz luzatzen da, gauez landarediaren ebapotranspirazioaren eragina batzen baitzaio. Horrekin batera, zenbait eremutan kutsatzaileak murriztuko lirateke, hala nola nitrogeno dioxidoa.
«Teilatuak zuriz margotzea neurri azkarra, nahiko ekonomikoa eta bereziki eraginkorra da auzo trinkoetan»
Proiektuan etorkizuneko hainbat egoera ebaluatu dituzte. Emaitzek adierazten dute hiri-hazkundearen egungo joerekin jarraitzeak eraikitako azalera handitzeaz gain, beroa eta poluzioa larriagotu egingo dituela. Esaterako, Bartzelonako metropoli-eremuko iparraldeko eremu batzuetan, basoak hiri-eremuekin ordezteak % 8 handitu ditzake NO-kontzentrazioak.
Aldiz, hiriko parkeak estrategikoki sortzeak 1,2 °C jaits ditzake gaueko tenperaturak bero handiko uneetan. Hiri-inguruko nekazaritzak, berriz, ozono troposferikoaren maila % 7 murrizten laguntzen du, baita elikagai freskoak eskuragarriagoak izaten ere. Hala ere, kudeaketa egokia egin behar da jariatze-ura ez handitzeko eta gainazaleko uretan fosforoa ez pilatzeko.
«berdeguneak planifikaziorik gabe zabaltzeak albo-ondorioak eragin ditzake»
Ildo horretatk, URBAGeko ikertzaileek ohartarazi dute berdeguneak planifikaziorik gabe zabaltzeak albo-ondorioak eragin ditzakeela. Landareek haizea moteldu dezakete, eta zenbait erreakzio kimiko eragin, ozonoa areagotuz testuinguru jakin batzuetan. Hori dela eta, politikak gauzatu aurretik tenperatura, airearen kalitatea, baliabideak eta gizarte-zaurgarritasuna aldi berean aztertzeko tresnak garatu ditu proiektuak.
Azpimarratu dute, sei urteko ikerketaren ondoren, mezua argia dela: badaude irtenbideak hiri-beroketari aurre egiteko.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia



