Arturo Elosegi Irurtia

Ekologoa

Espezie horrek zertarako balio du?


Naturazaleak beti lata ematen gabiltza: entzun txori horren kantua, begira xomorro honi, hara zeinen landare berezia... Batzuetan entzulea limurtzen dugu, baina askotan galdera madarikatua aditzen dugu: "Baina horrek zertarako balio du?".

Galdera horri erantzun nahian eta, batez ere, natura kontserbatzearen alde argudioak pilatu nahian, joan den mendearen amaieran Robert Costanza ekonomialaria naturaren balio ekonomikoa hainbatzen hasi zen. Dirutza izugarriak ateratzen zitzaizkion. Basoetako zurak, ozeanoetako arrainek, aintziretako urak, urtero kantitate erraldoiak ematen dituztenez, horrek nahikoa izan beharko luke, Costanzaren ustetan, ekosistema horiek osasuntsu mantentzeko. Gizarteak naturatik jasotzen dituen onura horiei zerbitzu ekosistemiko deitu zitzaien, eta ekologo- zein ekonomialari-andana adorez abiatu zen mundua salbatzera.

Errealitatea, ordea, konplikatua da. Baso batek dirutza hori eman lezakeela? Bai, baina datu hori argitaratu eta biharamunean enpresa erraldoi batek hamar aldiz diru gehiago eskaintzen du basoa soildu eta bertan fabrika bat eraikitzeko. Alegia, baliagai naturalek merkatuan duten balio ekonomikoak ez dira aski natura kontserbatzeko.

Ekonomialari ekologikoen erantzuna? Ordurarte merkatuak kontuan hartzen ez zituen onurei balio ekonomikoa ematen saiatu; haien hitzetan, monetizatu. Horrela hasi ziren neurtzen, adibidez, basoetan metatutako karbonoak klima-aldaketari aurre egiteko dakarren onura ekonomikoa.

Horrek ere, ordea, gizartea naturaren kontserbazioaren alde jarri ez. Izan ere, ekonomia hazkunde esponentzialean oinarrituta egonik, ekonomian nagusi den ikuspuntutik onuragarria baita gaur natura hondatzea, txikizioaren konponketa etorkizuneko gizarte aberatsagoari utzirik.

Ekonomialari ekologikoak, temati, zerbitzu ekosistemiko ez-monetizagarriak aztertzen hasi ziren orduan; naturak egiten dizkigun mesedeak, dirutan jar ez daitezkeenak. Ekosistemen balio kulturala, gugan sor lezaketen inspirazioa eta abar zerrendatzen hasi ziren. Bide hau ere hankamotz geratu zen, ordea. Izan ere, beti bada giza apetaren bat balio ez-monetizagarri horien oso gainetik dagoena. Errinozeroak sekulako garrantzia izan dezake Afrikako etnia askoren kulturan, margolari andana inspiratu, baina beti izanen da jekeren bat azken errinozero-adarragatik dirutza ordaintzeko prest, beste balio horiek arbuiatuta.

Hortaz, naturaren aldeko argudio utilitarioak utilitate gutxikoak izan dira natura kontserbatzeko.

Eta, naturak guri egiten digun mesedea neurtu beharrean, aintzat hartuko bagenitu naturak berez dituen balioak eta, ondorioz, guk hura kontserbatzeko dugun obligazioa? Onartuko bagenu denak ez duela gure mesedetan izan beharrik? Aldarrikatuko bagenu ez dugula eskubiderik eboluzioak milioika urtetan modelatutako espezie bat suntsitzeko? Gure ondorengoei jaso duguna bezain mundu dibertso eta zoragarri bat uzteko obligazioa dugula? Planteamendua beste arlo batera eramanez, gutxiengoak, edo emakumeak, edo dena delakoak, errespetatu behar ditugu horrek guri mesede egiten digulako? Ala berez errespetua merezi dutelako? Bada, naturarekin berdin.

Buelta eman diezaiogun, beraz, galderari. Espezie horrek zertarako balio duen? Eta zuk galdetzen didazu? Zuk, zertarako balio duzu?

Arturo Elosegi Irurtia

Ekologoa

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali