}

Esne Bidearen kanpoko exoplaneta baten zantzuak aurkitu dituzte lehen aldiz

2021/10/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

esne-bidearen-kanpoko-exoplaneta-baten-zantzuak-au
Messier 51 galaxia, X izpien bidez. Arg. NASA/CXC/SAO/R. DiStefano, et al.

Lehen aldiz, Esne Bidearen kanpoko exoplaneta bat izan daitekeenaren aztarnak aurkitu dituzte. Orain arte ia 5.000 exoplaneta aurkitu dira; guztiak, gure galaxiaren barruan. Orain, berriz, Chandra X-izpiko teleskopioaren bidez, Saturnoren tamainako planeta baten zantzuak ikusi dituzte Messier 51 galaxian, Esne Bidetik 28 milioi argi-urtera.

Aurkikuntza planetaren iragaiteetan oinarritzen da. Izan ere, planeta bat izar baten aurretik igarotzean, izarraren argia estali egiten du neurri batean, eta teleskopioek distiraren jaitsiera hautematen dute. Kasu honetan, sistema bitarretan X izpiak hautematean oinarritu dira. Sistema horiek zulo beltz bat edo neutroi-izar bat izaten dute, beste izar bat orbitatzen, eta haien gertuko materiak igortzen duen energia X izpietan ikus daiteke. X izpiak sortzen dituen eremua txikia denez, planeta batek erraz estali dezake aurretik igarotzean, eta, beraz, X izpien jaitsiera nabarmena eragiten du. Horrela aurkitu dute exoplaneta hori.

Hiru ordu inguru iraun zuen igarotzeak, eta X izpien emisioa zerora jaitsi zen. Informazio horretan eta beste batzuetan oinarrituta, astronomoek uste dute balizko exoplaneta Saturnoren tamainakoa izango litzatekeela.

Metodo hori exoplaneta gehiago aurkitzeko baliagarria izan daitekeela uste dute. Hala ere, beren aurkikuntza berresteko datu gehiago behar dituztela ohartarazi dute astrofisikariek. Nature Astronomy aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia