}
Nerea López Salas Ingeniaria eta ikertzailea hezkuntzan

"Emakume izanda ikerketan aritzeak, eta, gainera, arlo zientifiko-teknologikoan, motibatu egiten nau"

2018/05/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

emakume-izanda-ikerketan-aritzeak-eta-gainera-arlo
Arg. Nerea López Salas

Nerea López Salas ingeniaria, irakaslea eta ikertzailea da. Beste ezer esan ezean, batek pentsa lezake ingeniaritza-alorrean dabilela ikertzen, baina ez, hezkuntzan dabil. Azaldu duenez, ingeniaritza ikasi zuen, eta, jarraian, Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko masterra egin zuen. Mondragón Unibertsitatean irakasle-lanetan hasi, eta orduan sortu zitzaion hezkuntzan ikertzeko gogoa: "Ordura arte, nahiko urrun izan nuen hezkuntza formalaren mundua; eta irakastean eta ikastean gertatzen diren prozesuak ulertzeko interesa sortu zitzaidan". 

Hala, ikerketan sartzea erabaki zuen, hezkuntza-munduan, "baina zientzia eta teknologiari lotuta", zehaztu du. Hala, doktoretza egiten ari da. Haren esanean, Haur eta Lehen Hezkuntzan asko ikertu den arren, Bigarren Hezkuntzan ez da hainbeste ikerlanik egin ikaste-irakaste prozesuaren gainean. Horiek argitzeko helburua du, beraz, bereziki, zientzia eta teknologiaren arloan: "Ezagutu nahi dut nola garatzen den irakaslearen profil profesional eta pertsonala Bigarren Hezkuntzako irakasleen artean. Doktoretzan oso gai zehatzak lantzen direnez, ari naiz ikertzen Lanbide Heziketan gertatzen ari den eredu-aldaketak zer eragin izan duen irakasleengan zein ikastetxeetan; adibidez, irakasleek hezkuntzarekiko duten kontzepzioak zer aldaketa izan duen eta horrek praxian zer nolako elkarreragina duen". 

Ingeniaritza eta hezkuntzaren arteko lotura 

Askorentzat, ingeniaritza eta hezkuntza bi mundu bereizi izan daitezke. Lópezentzat, ordea, oso naturala da haien arteko lotura: "Bigarren Hezkuntzara arte ez zen izan teknologiari izena jarri niola. Ordura arte, ez nekien halakorik ezagutza arlorik zegoenik ere, eta ikasgaia ezagutu eta jakin nuenean horrekin lotutako Goi-Mailako ikasketak zeudela, argi izan nuen bide horretatik jo nahi nuela, mundua ingeniari-begiradarekin ulertzeko". 

Haren hitzetan, bi galderari erantzun nahi zien, begirada horrekin: nola funtzionatzen duten gauzak, eta zer egin zezakeen gauzak berak nahi zuen bezala funtziona zezaten. Bi horiei lehendik zetorren beste bat gehitu zitzaien: ikasitakoa nola azaldu beste pertsona batzuei. "Hortik dator bi alde horien lotura: ingeniaritza eta hezkuntza". 

Bokazio horren erakusgarri, artean ingeniaritza ikasten ari zela, hezkuntza ez-formaleko proiektu batean aritu zen, bete-betean: "Euskal Udalekuetako hezitzaile izan nintzen, Goñin, eta oraindik ere jarraitzen dut horretan". 

Bere lana eta interesak triangelu baten erpinetan irudikatzen ditu Lópezek: ingeniaritza batean, ikerketa bestean, eta hezkuntza hirugarrenean. Ikerketa-zikloa, berriz, zirkulu-itxurakoa ikusten du, ikerketa, dozentzia eta transferentzia lotuz. Biak batuta irudikatu du bere jarduera: "Zirkulu horren barruan kokatuko nuke triangelua, ni ere horren baitan kokatzen naizelarik". Osotasunean bizi du, beraz, egiten ari dena. 

Lópezek dioenez, oso motibagarria zaio ikerketaren bidez ikasten duena aplikatzeko aukera izatea, adibidez, ikastetxeetako irakasleekin egiten dituzten transferentzia- edo formazio-saioetan. Arlo horretan ikerketa gutxi egoteak ere pizten dio gogoa. Horiez gain, beste eragile batek ere bultzatzen du abiatu duen bidean aurrera egiteak: emakume izatea ikerketan, "arlo zientifiko-teknologikoan, gainera", zehazten du. "Arlo honetan ez daude emakume asko, eta niretzat erronka bat da bide honetan urratsak ematea". 

Edonola ere, ikertzen duen lekuan, HUHEZIn oso babestua sentitzen da: "Talde txikia gara, eta denok ulertzen dugu ikerketa ezin dela bakarrik egin". Aurrera begira, tesia amaitzea da bere lehen helburua, eta, etorkizunean ere, urratu duen bidean jarraitu nahiko luke.

Nerea López Salas

Nerea López Salas Eibarren jaio zen, 1992an. Industri Diseinu eta Produktu Garapeneko Ingeniaritzan graduatu eta gero, Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko masterra egin zuen. Gaur egun, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean dihardu irakasle eta ikertzaile gisa. Bere jarduna ardazten duten arloen artean zientzia eta teknologiaren ikaste-irakaste prozesuak, irakaslearen perfil profesional eta pertsonalaren eraikuntza eta Euskal Herriko Lanbide Heziketa aurkitzen dira. Gaur egun Bigarren Hezkuntzako Masterreko koordinatzailea eta ZiTeO ikertaldeko kide da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia