}

El Sidroneko neandertalek landareak jaten zituztela ondorioztatu dute

2017/03/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

el-sidroneko-neandertalek-landareak-jaten-zituztel
El Sidroneko neandertal baten masailezurra. Arg. Andres Díaz/CSIC

El Sidron (Asturias) kobazuloko neandertalek pinaziak, perretxikoak eta goroldioa jaten zutela frogatu dute, hortzen lertzotik erauzitako material genetikoa aztertuta. Aldiz, ez dute topatu haragia jaten zutela erakusten duen frogarik. Ikertzaileen esanean, neurri batean harrigarria da, orain arte nagusiki haragijaleak zirela uste izan baitute,  beste aztarnategi batzuetako fosiletan oinarrituta (Belgikako Spy II, adibidez).

Horrekin batera, gaixotasunei aurre egiteko sendabelarrak erabiltzen zituztela baieztatu dute. Hori lehendik ere ezaguna zen; kasu honetan, Penicillium onddoaren eta makalaren arrastoak topatu dituzte. Lehena antibiotikoa da eta bigarrenak azido salizilikoa du, aspirinaren osagai aktibo bera.

Bestalde, mikroorganismo  baten genomarik zaharrena erauztea lortu dute, neandertalen hortzen lertzotik. Methanobrevibacter oralis arkea da, eta kalkulatu dute, eboluzioan, neandertalen anduia eta gure espeziearena duela 112.000-143.000 urte bereizi zirela.

Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa osoa .

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia