}

EAEko arrantza-flota, arrainak baztertzeko politika berriaren aurrean

2014/10/01 Arregi Errazkin, Luis - AZTI-Tecnalia Itsas Ikerketa Unitateko ikertzailea | Prellezo Iguaran, Raúl - AZTI-Tecnalia Itsas Ikerketa Unitateko ikertzailea Iturria: Elhuyar aldizkaria

eaeko-arrantza-flota-arrainak-baztertzeko-politika
Arg. © AZTI-Tecnalia

2013ko abenduan, Europako Batasunak Arrantza Politika Bateratua (APB) ezarri zuen. Besteak beste, erregelamendu horren arabera, nahi ez den arrain gutxiago harrapatzeko eta harrapatzen direnetatik gutxiago baztertzeko aplikatuko den politikaren oinarriak finkatu dira. Helburua betetzeko ezarri den neurrietako bat da "arraina lehorreratu beharra" deitutakoa; hain justu, hori da erregelamendu berritik atentzio handiena erakarri duen neurrietako bat.

Gaur egun arrainak hainbat arrazoirengatik baztertzen dira. Hasteko, arrantzaleentzat ezinezkoa da zer harrapatuko duten guztiz hautatzea. Gainera, merkatuak berak arrainak baztertzeko pizgarriak ematen ditu, arrantzaleek nahiago baitute ekarri portura preziorik onenean salduko dituzten espezieak. Eta beste arrazoi bat ere badago: orain arte, arrantzaleek legez baztertu behar izan dituzte kuotarik ez daukaten edo kuota agortuta duten espezieak.

Alabaina, APBren oinarrian dagoen erregelamendu berria indarrean ezarri denetik egoera erabat aldatu da. Orain harrapatzen den arraina portura eraman behar da. Hala ere, betebehar hau ez da aplikatzen arrantza-toki guztietan, ezta espezie guztiei ere, eta, gainera, egutegi bat ezarri da, arrantza motaren arabera. Hain zuzen ere, harrapatu daitekeen kopurua mugatuta duten populazioetan harrapatzen diren arrainak nahitaez lehorreratu behar dira, eta Mediterraneoan gauza bera egin behar da gutxieneko tamaina ezarrita duten populazioetan harrapatzen diren arrainekin. Hau guztia Europar Batasuneko uretan aritzen diren arrantzaleei eta Batasuneko uretatik kanpo dauden Batasuneko ontzietan aritzen direnei aplikatzen zaie. Ezarritako espezieetako arrainak harrapatuz gero, arrantza-ontzian gorde behar dira, kopuruak erregistratu behar dira, lehorrera eraman behar dira eta, bidezkoa denean, finkatutako kuotetarako zenbatu behar dira (salbuespena: beita bizirako harrapatzen direnak).

Egutegia, esan bezala, arrantza-motaren araberakoa da. 2015eko urtarriletik aurrera espezie pelagiko txiki eta handien arrantzan aplikatuko da (ur-azaletik gertuen bizi diren espezieak dira pelagikoak). Besteak beste, EAEko arrantzaleentzat, antxoetan, berdeletan, txitxarrotan eta sardinatan egiten den inguraketa-arrantza da garrantzitsuena.

2016ko urtarriletik, ondoko hauetan aplikatuko da: espezie demertsalen (itsas hondoari lotuta bizi diren espezieak) arrantzan eta arrantza mistoetan (espezie demertsalak zein pelagikoak harrapatzen dituzten hondoko arrantza-tresnak erabiltzen diren arrantzan), hain zuzen ere urteko harrapaketa-kopurua (TAC) ezarrita dutenetan. Arrastean eta kordan legatzetan egiten diren arrantzak dira puntu honetako garrantzitsuenak.

Harrapatzen den arraina lehorreratu beharrak aldaketa handia eragingo du, eta EAEko arrantza-flotak nahitaez moldatu beharko dira. Moldaketaren oinarria nahi ez den arrain gutxiago harrapatzea izan behar da, eta horretarako arrantza-aparailuak hobetu behar dira arrantza hobeto hautatzeko edota nahi ez den arrainik ez harrapatzeko estrategiak bururatu behar dira. Arrantzaleek denbora beharko dute hori guztia egiteko.

Salbuespenak eta inkoherentziak

Erregelamenduan salbuespen batzuk ezarri dira arrantzaleei politika berrira moldatzen laguntzeko. Adibidez, urrakortasuna dela eta arrantzatzeko debekua duten espezieak ez dira portura ekarri beharko, hala nola itsas ugaztunak, marrazoak eta itsas dortokak. Proba zientifikoen arabera harrapatu eta askatu ondoren bizirik irauteko tasa handia duten espezieak ere ez dira porturatu beharko. AZTI-Tecnaliak inguraketa-arrantzan harrapatu eta askatu ondoren bizirik segitzen duten arrainak aztertu ditu eta ondorioztatu du slipping deritzon estrategia aplikatuz gero (sarea irekitzea harrapatutakoa interesgarria ez denean) espezie askotan (antxoa, berdela, sardina eta txitxarroa) bizirik irauten duten arrainen tasa altua dela, EAEko inguraketa-flotaren ohiko jardunean. Azterlana egin dutenek uste dute oinarritzat har daitekeela orain arte espezie batzuetarako legez kanpo izan den estrategia horrekin harrapatzen diren arrainak lehorreratu beharrari salbuespena aplikatzea onartzeko.

Azkenik, de minimis salbuespenetan sartzen diren arrainak ere ez dira portura eraman beharko. Salbuespen hori honela aplikatzen da: lehorreratu beharra dagoen espezieetan, urtean harrapatzen den kopuruaren %5 gehienez baztertu daiteke (ehuneko horri bi puntu gehitzen zaizkio lehen bi urteetan, eta puntu bat hurrengo bietan). Salbuespen honetarako ondoko bi gertaeretako bat frogatu behar da: arrantzaleentzat oso zaila dela zer harrapatzen duten hobeto hautatzea, edo nahi ez den arraina lehorreratu beharrak neurrigabeko kostuak eragiten dituela, hau da, nahi ez den arrainen kargu egiteak eta biltegian gordetzeak gastu handia eragiten duela.

Arraina nahitaez portura eraman behar honek hainbat inkoherentzia dauzka, eta ezarritako egutegiaren arabera aplikatzen hasi baino lehen konpondu behar dira. Lehenengoa kontrolaren arazoa da. Argi dago zaila izango dela flota guztiak kontrolatzeko sistema ezartzea, eta hori egin ezean politika berria ezerezean geratuko da. Hori dela eta, aspaldion arrantza-ontzietan zaintzako bideo-zirkuitu itxia instalatzeko aukera eta baliagarritasuna aztertzen ari dira.

Bestetik, egutegiaren arabera arrainak lehorreratu beharra ez da hasiko aplikatzen arrantza-ontzi guztietan aldi berean: arrantza-toki batean espezie bera harrapatzen dutenen artean, arrantza motaren arabera batzuei beste batzuei baino arinago aplikatuko zaie, hau da, egun jakin batetik aurrera batzuek arrain espezie jakin batzuk baztertu ahal izango dituzte eta beste batzuek ez. Horrek batzuen kontrako bidegabekeria ekarriko du salmentetan, eta gainera oso zaila izango da lehorreratu beharra kontrolatzea.

Lege-arazoa ere badago; izan ere, APBren oinarrizko araudiaren arabera harrapatzen den arraina lehorreratu behar izatea, Batasunaren politikaren helburuetako bat betetzeko ezarri dena, ez dator bat gaur egun indarrean dauden beste lege eta araudi batzuekin. Ildo honetatik, aspaldion Batasunean araudi berri bat lantzen ari dira arlo honetako kontradikzio guztiak gainditzeko. Oro har, helburua litzateke 2015eko urtarrilaren 1ean arrantzaleek kontrakoa agindu dezaketen bi araudi ez edukitzea.

Eta lehorrean ere egongo dira arazoak. Batetik, lehen baztertzen ziren arrainen trazabilitatea izan behar dugu, hau da, zer gertatzen den arrainokin portura heltzen direnean, ezin baitira merkaturatu bestelako arrainak bezala, ez haien prezioan eraginik eduki. Bestetik, portuko instalazioak arrain gehiago hartzeko eta arrainok behar bezala sailkatzeko eta etiketatzeko moldatu beharko dira. Nolanahi ere, lehen itsasoan geratzen ziren arrain hauei gizakion kontsumoa ez beste modu batzuetan ere atera ahal izango zaie etekina.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia