}

Dinosauroen itxura, kolokan

2000/10/31 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Beren bihotzen ezaugarriak ez dira bat etortzen orain arte erabilitako irudikapenarekin

Fosil erregistroa irakurtzea ez da erraza. Emaitzak jende orori aurkezten zaizkionean, ordea, oso garbiak izaten dira. Baina ez da dena jakina eta, batzuetan, aspaldian onartutako ideiak baztertzen dituen hipotesi edo teoria sendoagoak sortzen dira. Dinosauroen esparrua ez da salbuespena.

Duela 70 milioi urte bizi ziren belarjale handiak betidanik lepo luzedun eta zuhaitzetako goiko hostoak jaten aurkeztu zaizkigu. Baina Australiako Adelaide unibertsitateko Roger Seymour paleontologoak arrazoi sendoak ditu irudi hori baztertzeko. Bere ustez, dinosauroek lepo luzeak horizontalki eramaten zituzten. Baieztapen horren argudioak Londresko Procedings of the Royal Society aldizkari ospetsuan argitaratu berri ditu.

Bihotz kontuak

Seymourren argudioen oinarria bihotzen azterketa da. Izan ere, 24 urtez narrastiak, ugaztunak eta hegaztiak aztertu ditu beren bihotzen morfologiak eta odolaren presioak paretaren lodieran duten eragina argitzeko. Edozein animaliaren bihotzaren tamainak bi faktorek mugatzen dute. Lehenengoa, burua eta bihotzaren arteko altuera diferentzia da eta, bigarrena, animalia odol berokoa edo hotzekoa den.

Jirafa odol berokoa, lepo luzekoa eta odol presio handikoa da. Hamahiru kiloko bihotza behar du odola bururaino helarazteko. Hegaztiek ere bihotz handiak behar dituzte, odol beroko eta presio handiko animaliak baitira. Narrastiek, aldiz, metabolismo geldoa dute, odol hotzekoak dira eta presio txikiko odol jarioa dute.

Barosauroak, adibidez, odola lepo bertikaletik gora ponpatu ahal izateko, 2.000 kiloko ezker bentrikulua izan beharko lukeela dio Seymourrek. Hori ezinezkoa da, gutxienez hiru arrazoirengatik. Alde batetik, halako bihotzak ikaragarrizko espazioa beteko luke; bestetik, bihotzak berak gorputzeko beste organo guztiak baino energia gehiago beharko luke; azkenik, bihotzaren paretak oso lodiak izango ziren eta mekanikoki ez lirateke izango batere eraginkorrak, deformatzen odola ponpatzen baino askoz energia gehiago gastatuko luketelako.

Hori guztia ikusita, bi azalpen besterik ez daude odol presio handi hori bidezkoa izateko: lepoak horizontalki jartzea edo odol hotzeko animaliak izatea. Azken kasuan, beste bihotz txiki batek lagun zezakeen odola lepoan gora bidaltzen. Dena den, pareta handiko bihotza beharko luke. Beraz, aukera hori ere ponpatzeko garaian ez da oso eraginkorra.

«Dinosauroak odol berokoak ala hotzekoak ziren azken 30 urteetako eztabaida da, baina seguru asko beren metabolismoaren abiadura ez dugu inoiz jakingo», dio Seymourrek. «Dena dela, animalia horiek burua altxatuta eramatea ez dirudi bidezkoa zenik».

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia