Asteko argazkia: erleak, pentsatzeko eta arazoak ebazteko gai

Arg.: CC BY-SA 3.0 Wikimedia


Animalien kognizioari buruzko ikerketak emaitza esanguratsuak plazaratzen ari dira azken urteotan. Oraingoan, intsektuen gaitasunak utzi dituzte agerian. Aurretik bazekiten erleak pilotekin jolasteko, zenbatzeko, aurpegiak ezagutzeko eta baita erritmoa hautemateko gai zirela. Baina ikerketa berri batek erakutsi du kognitiboki uste zena baino askoz garatuagoak direla.

Esperimentuan, erlastarrek pilota bat erabili behar zuten lore batera iristeko; pilota erreminta moduan erabiltzea zuten lorera iristeko modu bakarra. Zientzialariek ikusi dute erlastarrak, arazoaren aurrean, denbora-tarte batez geldik egon eta pilota lorera iristeko nola mugitu behar zuten pentsatzeko gai izan direla.

Erlastarrek ez dute aukerarik izan egin beharrekoa besteengandik ikasteko: bakarrik zeuden, eta aurrez ezin izan dute egoera horretan zegoen beste intsekturik lanean ikusi. Hala eta guztiz ere, erlastarrak arazoaren aurrean, gelditu, pilota baliatu zezaketela pentsatu eta beren kabuz arazoa ebazteko gai izan dira.

«Intsektuek pentsatu eta, seguraski, sentitu ere egiten dute»

Ikerketak erakusten du kognizio aurreratua ez dela garun handiko animalien gaitasun bat. Hain zuzen, erleek, eta beste intsektuek ere, pentsatu eta, seguraski, sentitu egiten dutela uste dute zientzialariek.

Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute

Biokimikan doktorea. Elhuyar Zientziako erredaktorea.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Eboluzioa