Txina hego-ekialdeko harrobi abandonatu batean, denisovarren aztarna ugari topatu dituzte, eta ondorioztatu dute erremintak lantzen zituztela eta ehiztari bikainak zirela.
2019an, langile batzuek, Txinako Yunnan probintziako harrobi abandonatu batean errestaurazio ekologikoko lanak egiten ari zirela, milaka hezur- eta erreminta-aztarna topatu zituzten harrobiko Bianfu koban. Nazioarteko ikerketa batek argitu du hezur-aztarna horietatik bost denisovarrenak direla.
«Bianfu kobako biztanleak oreinak eta bestelako ugaztun ertain edo handiak ehizatzen espezializatuta zeuden»
Denisovarren fosilak kobako bi sedimentu-geruzatan topatu ziren, eta, egileek azaldu dutenez, ezaugarri horrek iradokitzen du antzinako gizaki horiek denbora luzez bizi izan zirela eremu horretan; duela 167.000 eta 134.000 urte bitartean, gutxi gorabehera.
Giza hezurrekin ez ezik, beste jatorri batzuetako hezurrekin egindako erremintak sortzen zituztela argitu dute, neandertalek bezala. Harrizko erremintak ere topatu dituzte, ugaztun ertain eta handien aztarnekin batera. Ikertzaileek azaldu dute Bianfu kobako biztanleak espezializatuta zeudela oreinak eta bestelako ugaztun ertain edo handiak ehizatzen, eta erabiltzen zituzten tresnak kolpe gutxi batzuekin soilik prestatzen zituztela, segituan erabili ahal izateko.
Erlazionatuak
Irati Diez Virto
Elhuyar Zientzia



