}

COVID-19an aditu emakumezkoen hutsunea salatu du BMJ aldizkariak

2020/06/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

covid-19an-aditu-emakumezkoen-hutsunea-salatu-du-b
COVID-19aren krisian emakumeak baztertu direla salatu du BMJk. Arg. Osasunaren Mundu Erakundea

Denok galtzen dugu emakume adituen iritziak ez direnean entzuten; hori dio British Medical Journal aldizkariaren Genero Dibertsitatearen Taldeak. Haren esanean, COVID-19ak agerian jarri du gizartean dagoen genero-bereizkeria, eta medikuntza eta akademia ez dira salbuespenak. 

Taldeak salatu duenez, emakumeak baztertuak izan dira diskurtso eta erabakiguneetan, ikerketan eta argialpenetan, eta hori erakusten duten datuak eman ditu. Esate baterako, munduan, osasungintzan ari diren langileen % 70 baino gehiago dira emakumezkoak, eta, hala ere, Osasunaren Mundu Erakundearen COVID-19aren Larrialdi Batzordean % 20 baino ez dira. Herrialde askotan, larrialdiari aurre egiteko eratutako taldeetan are txikiagoa da ehuneko hori: % 16 Txinan, % 10 AEBn eta 0 Italian.

Halaber, gizonezkoak gailendu dira COVID-19ari buruzko ikerketetan, eta aldizkariek ere haiek egindako lanak argitaratu dituzte batez ere. Taldearen ustez, lehendik zegoen bereizkeria aregotzea ekarri du lehenbailehen argitaratzeko lehiak. Eta argi dio: berariazko neurriak hartu ezean, krisiek gizonen alde egiteko baldintzak sortzen dituzte.

Emakumezkoak baztertzea COVID-19ari esku bat atzean lotuta aurre egitearen parekoa dela iritzi dio BMJko taldeak, eta emakumeen diskurtsoa aintzat hartzeko jarrerak bultzatu behar direla aldarrikatu du. Bestela, funtsezko ikuspegiak galtzen dira, eta desberdinkeriak betikotzeko edo areagotzeko arriskua dago.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia