}

Busturialdeko biztanleak Santimamiñen bizi zirenen oinordekoak direla frogatu du EHUko talde batek

2013/01/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Duela 4.000 urte Santimamiñen bizi ziren pertsonak gaur egun Busturialdean bizi direnen arbasoak direla frogatu du EHUko BIOMICS taldeak. Horretarako, Santimamiñen topatutako hezur-arrastoen DNA mitokondriala aztertu dute, eta gaur egungo populazioaren lagin batekin alderatu dute.
busturialdeko-biztanleak-santimaminen-bizi-zirenen
Santimamiñen aurkitutako baraila, duela 4.000 urtekoa. Arg. UPV/EHU

Marian Martinez de Pancorbo ikerketa-buruaren arabera, “ikerketa berritzailea da, normalean populazio arkeologikoa aztertzen baita; oraingoan, berriz, pentsatu dugu transmisio genetikoa egon zitekeela, eta horretan oinarrituta diseinatu dugu ikerketa, lehenengo aldiz”.

Hain zuzen ere, populazioa euskalduna izateak eman du horretarako aukera. “Leinuak ba ote dauden aztertzeko, hemen, abizenen bidez, erraz ikus dezakegu, 8-16 abizenak bertakoak dituzten sendiak bertan egon direla, industria-iraultza baino lehenagotik. Martinez de Pancorboren esanean, beste lekuetan ez da hain erraza izaten; kasu berezia da, beraz.

Hala, 158 pertsona aukeratu dituzte, eta haien DNAk kobazuloan topatutako arrastoek dutenarekin bat egiten dutela baieztatu dute. Hain justu, Martinez de Pancorbok Santimamiñeko hezurren analisi genetikoa nabarmendu nahi izan du, “teknologikoki ez baita batere erraza”. Lan hori egiteko, unibertsitateak bi laborategi prestatu ditu berariaz, “besteak beste, DNA zaharra gaur egungoarekin ez dela kutsatzen bermartzeko”. Analisiaren zati bat, gainera, Estrasbugoko Unibertsitatearekin elkarlanean egin dute, zehazki, erreplikazioa.

Amagandiko leinua

Aztertutako hezur zaharrena duela 4.000 urteko baraila bat da. Horrez gain, hura baino gazteagoak diren beste sei hezur-zati ere erabili dituzte alderaketan. Beti ere, mitokondrioen DNA analizatu dute, “hau da, amagandiko leinua aztertu dugu”, zehaztu du Martinez de Pancorbok.

“Hezurren adinaren arabera, 250-70 belaunaldi igaro dira ordutik, eta ziurta dezakegu Busturialdeko populazioak ez duela kanpoko ekarpen genetiko garrantzitsurik izan denbora-tarte horretan”, azaldu du. Eta are gehiago ere esan du: “azterketek erakusten dute glaziazio-aroan Santimamiñe inguruan bizi zen jende hura Europaren mendebaldean hedatu zen populazio fundatzailea izan zela. Orain, tarteko puntu bat dugu, duela 4.000 urtekoa, orain dela 10-12.000 urteko populazioa haren eta gaurkoaren artean”.

Martinez de Pancorbok aurreratu duenez, ildo beretik ikertzen jarraitzen dute, eta laster emaitza gehiago kaleratzea espero dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia