Hamarkadetan zehar, zientzialariek pentsatu izan dute burmuin osoa jatorrizko zelula-mota bakar batetik abiatuta garatzen dela. Nature Neuroscience aldizkarian argitaratutako ikerketa batek, ordea, proposatu du bi zelula-mota behar direla horretarako eta mota bakoitzetik burmuinaren zati bat garatzen dela.
«Burmuinaren atal bat funtsezkoa da hainbat oinarrizko funtziotarako, eta bestea giltzarria da arrazoiketarako eta planifikaziorako»
Saguen enbrioiak erabilita, egileek ondorioztatu dute zelula-mota aitzindari batetik erronbentzefaloa garatzen dela, entzefaloaren zati bat. Burmuinaren atal hori funtsezkoa da hainbat oinarrizko funtziotarako, hala nola bihotzak taupadak egiteko eta arnasketarako. Beste zelula-mota aitzindaritik abiatuta, berriz, bi egitura garatzen dira, egileen ustez: prosentzefaloa eta mesentzefaloa. Lehen egitura hori giltzarria da arrazoiketarako eta planifikaziorako.
Burmuina garatzeko modu hori eboluzioan noiz sortu zen jakiteko, ikertzaileek bi zelula-mota aitzindari horiek bilatu zituzten hainbat animaliatan, eta aztertutako animalia guztietan topatu zituzten: tximuetan, oiloetan, arraietan eta baita Saccoglossus kowalevskii itsas ornogabean ere.
«Ikerketak gaixotasun neurodegeneratiboak hobeto ulertzen lagundu dezake»
Bitxiki, gizakiaren eta itsas ornogabe horren arteko arbaso komuna topatzeko, 550 milioi urte egin behar dira atzera eboluzioan. Beraz, egileek iradoki dute garunaren jatorri bikoitzeko garapen-prozesu hori eboluzioan mantendu zela urte horietan guztietan zehar eta animalia askoren artean partekatu zela.
Ikerketak aplikazio praktiko bat ere izan dezake. Izan ere, zelula ametatik abiatuta erronbentzefaloko neuronak haztea lortu dute, eta horrek lagundu dezake gaixotasun neurodegeneratiboak hobeto ulertzen, alboko esklerosi amiotrofikoa eta Werdnig-Hoffmann-en eritasuna, kasu.



