Teknopolis zientzia, teknologia eta berrikuntzari buruzko programaren 29. Denboraldia aurkeztu da EHUko Gipuzkoako Campuseko Liburutegi nagusian — Carlos Santamaría Zentroa—, Donostian.
Han izan dira Amaia Esquisabel Alegria Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako zuzendaria, Agustin Ezenarro Zumeta ETBko Programa arloko burua, Edurne Gaston Estanga Elhuyarreko Zientzia Unitateko koordinatzailea eta saioa babesten duten erakundeetako ordezkariak. Hain zuzen, asteburu honetan hasiko da denboraldi berria, eta ordutegi hau izango du: larunbatetan 13:30ean ETB1en, eta igandeetan 12:15ean ETB2n.
Denboraldi berri honetan, garrantzi berezia hartuko dute osasunaren inguruko gaiek. Medikuntzaren eta ikerkuntzaren ekarpen zientifikoaz gain, gaixotasunak zuzen-zuzenean bizi dituzten pazienteen lekukotzak ere jasoko dituzte. Transplanteak egiteko teknika berritzaileak, minbiziaren aurkako punta-puntako tratamenduak, elikaduraren joerak...
Teknologiak ere ez du lekurik galdu programan, eta denboraldiko lehen saioak belaunaldi berriko robotikaz eta Euskal Herriko industria aeronautikoaz arituko dira. Bestetik, klima-aldaketaren ondorioei ere erreparatuko die Teknopolisek, eta, besteak beste, erakutsiko du nola astinduko duen euskal kostaldea itsas mailaren igoerak, eta gure hirien metabolismoa ere aztertuko du.
Elhuyar Zientzia



