Autosufizientzia energetikoa Euskal Herrian

Euskal Herrian badira aukerak autosufizientzia energetiko neto bat lortzeko instalazio berriztagarri eta nagusiki publikoak ezarrita.

Horrelakoa izan liteke Euskal Herrian etorkizun energetikoa garbiago eta jasangarriago baterantz egiteko bidea. Irudia.: Akizu-Gardoki et al., 2026


EHUko, LABeko eta BC3ko ikertzaileek 2050erako energia-eredu bat proposatu dute, gaiari buruzko eztabaida sozial, politiko eta ekonomikoa sustatzeko. Utilities Policy aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera, Euskal Herriak 2050erako trantsizio energetiko justu, publiko eta burujabea lortu ahal izateko, energia-kontsumoa % 51 murriztu beharko litzateke, eta energia berriztagarrien tokiko sorkuntza % 386 handitu.

Europan erregai fosilen dependentzia handienetakoa duten eskualdeetako bat da Euskal Herria. Gaur egun kontsumitzen den energiaren % 79 erregai fosiletatik dator, eta, gainera, erregai fosil horien hornitzaile nagusia AEB da: kontsumitzen den gasaren % 33 eta petrolioaren % 12 AEBtik dator. Gainera, espainiar estatuan baino % 13 energia gehiago kontsumitzen da. Egileen esanetan, Euskal Herriko energia-kontsumoa handia, txarra eta garestia da.

Beraz, energia-kontsumoa murrizteaz gain, kalkulatu dute, lurraldeko beharrizanak asetzeko, Nafarroako Foru Erkidegoan 2,6 aldiz handitu beharko litzatekeela egungo sorkuntza berriztagarria, Ipar Euskal Herrian 5,6 aldiz eta Euskal Autonomia Erkidegoan 7,1 aldiz.

Egileek argudiatu dute trantsizio energetikoa ez dela justua izango publikoa eta berriztagarria ez bada, eta gaur egungo egoera energetiko larriari irtenbide bat emateko eztabaida sustatzea duela helburu ikerlanak.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Bizitza