}

Bitamina-gehigarriak, osasunaren berme?

2001/07/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia


Nekatuta sentitzen zarela? Bitamina-gehigarriak konponduko du hori. Umea ez dela nahi bezain azkar hazten? Emazkiozu bitaminak eta berehala antzemango diozu aldea. Ilea erortzen zaizula? Agian bitamina-eskasia duzu, har itzazu hauek!

Sarritan entzuten ditugu antzekoak eta, izatez, bitamina-gehigarriak gero eta arruntagoak dira. Alde batetik, gehigarri horiek erosteko ez da mediku-errezetarik behar; bestetik, komunikabideetan askotan iragartzen dituzte (batzuetan aholku sasimedikoekin nahasita) eta aukera zabala dago: bitaminak gehi mineralak, izen erakargarria eta exotikoa duten beste pizgarriekin batera eskaintzen direnak... Nolanahi ere, jende asko beldur da behar adina bitamina eta mineral ez ote duen hartuko eta, osasun ona ziurtatzeko, bitamina-gehigarriak erosten ditu botikan. Zoritxarrez, ordea, bitamina-gehigarri horiek bitamina-ekarpena besterik ez dute bermatzen.

Giza gorputzak, bere funtzioak betetzeko, osagai askoren beharra du. Horien artean lehengai nagusiak karbohidratoak, proteinak eta koipeak edo gantzak dira, eta gorputzak janarien bidez bereganatzen ditu. Horretaz gain, oso garrantzitsuak dira baita zuntza eta ura ere. Beraz, bitamina eta mineral guztiak aholkatutako kopuruetan hartuta ere, elikagaien beste osagaiak ezin direla albo batera utzi argi dago.

Bereziki zahartzaroan elikadura zaindu beharra dago.

Dena dela, hainbat kasutan bitamina-gehigarriak hartzea gomendatzen da. Adibidez, kaloria gutxiko dieta egiten ari direnek ia ezinbestekoa dute gehigarrien laguntza, jan-neurri horrekin (1.500 edo 1.300 kcal baino gutxiago) bereganatzen diren bitamina- eta mineral-kopuruak ez direlako nahikoak. Antzekoa gertatzen zaie adineko askori. Zahartzaroan osasun-arazoak eta digestio astunak ohikoak dira; ondorioz, ingurukoek zaintzen ez badituzte, adindun askok gero eta gutxiago jateko joera dute. Gainera, erraz egiten eta mastekatzen diren jakiak aukeratzen dituztenez, dieta desorekatu egiten da. Horrelakoetan, onena sendagilearengana joatea da, adinekoaren osasun-egoera aztertu eta gehigarri aproposa zein den jakin ahal izateko.

Bestalde, bizitzako hainbat sasoitan beharrak handitu egiten dira. Esate baterako, haurdun dauden emakumeek azido folikoa eta burdina hartzen dute sendagilearen aginduz: azido folikoa enbrioiaren bizkarrezur-muinaren garapenerako ezinbestekoa da, eta burdina haurdunaren anemia fisiologikoari aurre egiteko behar da. Bi horiek ez dira, noski, haurdunak zaindu behar dituen osagai bakarrak, baina elikadura orotarikoa eta orekatua izanda ere, nahikoa burdina ez izatea erraza da, eta azido folikoak duen garrantziagatik, gutxieneko kantitatea hartzen dela ziurtatu beharra dago.

Haurdun dauden emakumeek azido foliko eta burdina hartu behar dute.

Bitamina beharrak handitu egiten dira baita kirolarien eta erretzaileen kasuan ere. Kirolariek energia lortzeko metabolismoa azkartuta dute eta gorputzeko mekanismoak ahalegin berezia egitera behartuta daude (gauza bera gertatzen zaie lan fisiko gogorra egiten dutenei edo asko mugitzen diren haur eta gazteei). Bitaminek prozesu metaboliko askotan parte hartzen dutenez, nahitaezkoak dira. Bestalde, izerdiarekin batera mineral batzuk kanporatzen dira; beraz, kirol-saioaren ondoren galdutakoa berreskuratzea oso garrantzitsua da gabeziarik ez pairatzeko. Hala ere, bitamina- eta mineral-gehigarriak hartzeagatik markak hobetuko dituela uste duena oso oker dago.

Erretzaileen kasua bestelakoa da. Nikotinaren eta kearen eraginagatik A, C eta E bitaminen beharrak handitu egiten dira. Alkohol asko edaten dutenek ere hainbat bitaminen eskasia-sintomak izan ohi dituzte, batez ere B1 bitaminarena. Eta kafeak eta teak azido foliko, A eta B12 bitaminen absortzioa eragozten dute. Neurri batean, gai toxiko guztiek dute eragina gorputzeko metabolismoan eta, desoreka berdintzeko, besteak beste, bitaminak hartu behar dira. Hori bai, bitamina horiek ez dituzte gai toxikoek eragindako kalteak guztiz ezabatuko.

Hortaz, bitaminak ez dira ahalguztidunak. Eta bizitzeko ezinbestekoak izanda ere, gehiegikeriak kalte egiten du. Bitamina-gehigarriak ez dira nolanahi har daitezkeen litxarreriak. Hain zuzen ere, bitaminak bi taldetan banatzen dira: hidrosolugarriak edo uretan disolbatzen direnak eta liposolugarriak edo koipetan disolbatzen direnak. Lehenengoak (B taldekoak eta C bitamina) txizaren bidez kanporatzen dira. Baina liposolugarriak (A, D, E eta K), gehiegi hartuz gero, gorputzeko gantzetan metatzen dira eta kalte larriak sortzen dituzte. Esate baterako, gehiegizko A bitaminak gibeleko eta azaleko arazoak eragiten ditu; aldiz, gehiegizko D bitaminaren eraginez, giltzurruneko, gibeleko eta bihotzeko ehunetan kaltzioa metatzen da.

Bitamina eta mineral behar handia izaten dute umeek.

Aditu gehienen iritziz, eta sendagileak besterik aholkatzen ez duenean, bitaminak janarien bidez eskuratzea da onena. Gainera, bitaminez aparte, osasunari mesede egiten dieten beste sustantzia batzuk dituzte janariek: mahatsaren polifenolak, fruten eta barazkien flabonoideak eta abar. Hala ere, kontuan izan behar da bitamina batzuk oso erraz galtzen direla prestatzeko eragatik, edota airearekin kontaktuan denbora batean utzita. Horregatik, behar guztiak asetzeko modurik ziurrena, osasuntsuena eta, nola ez!, gustagarriena denetik eta neurri egokian jatea da. On egin!

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia