Birusak garuneko minbiziaren aurka

2001/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Katarro arrunta eragiten duen birusa polioa sortzen duenarekin gurutzatuz, garuneko minbiziaren aurkako arma lortu dutela adierazi dute Floridan, aurtengo Amerikako Mikrobiologia Elkarteko bileran. Birus hibridoa glioma izeneko minbizi-motaren aurka da eraginkorra. Glioma garuneko minbizien artean zabalduena da eta, orain arte, gehienetan hilgarria zen. Izan ere, gliako zelulak, garunaren euskarri direnez, organo osoan daude barreiatuta.

Ipar Carolinako Duke Unibertsitateko ikertzaileek, alde batetik, polioaren birusa zelula barnera CD155 proteinari esker sartzen dela ikusi zuten eta, bestetik, gliomako zelulek ere proteina hori ekoizten dutela. Horrela, polioaren birusa katarroarenarekin nahasi zuten eta, saguetan egindako ikerketen arabera, gliomari erasotzeko gai zela frogatu zuten.

Horretarako, saguak genetikoki eraldatu behar izan zituzten, saguen garunak ez duelako berez CD155 proteinarik ekoizten. Beraz, sagu horien bizkarrezurreko muinean birusa sartu eta, dosi bakarrarekin, zortzigarren egunerako glioma guztiz desagerraraztea lortu zuten. Ondorengo urratsa gizakietan proba klinikoak egiteko birus-prototipoa prestatzea da.