Birus-infekzioek eragina izan dezakete I motako diabetesaren sorreran

2020/06/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Artxibokoa

EHUko ikertzaileek elkarrekintza bat aurkitu dute birus-infekzioen eta I motako diabetesa garatzeko arriskua ematen duen gene ez-kodetzaile baten artean. Hain zuzen, gene horrek eragina du intsulina ekoizten duten zeluletan, eta frogatu dute birus-infekzio batek zelula suntsitzera eraman ditzaketen prozesuak aktiba ditzakeela.

Diabetes guztietatik, % 10-15 dira I motakoak. Haurtzaroan edo gaztaroan agertzen da, eta gaixotasun autoimmunea, hanturazkoa eta poligenikoa da. Ikertzaileek bazekiten gaitza garatzen duten pertsonek genetika jakin bat dutela, baita bestelako faktore batzuek ere parte har dezaketela gaixotasuna sortzean. Horien artean, birusen eragina aztertu dute.

Hain zuzen, ikerketa askotan, birusen aztarnak aurkitu dituzte diabetesa garatu duten pertsonen pankreako beta zeluletan (intsulina ekoizten dutenak); ez, ordea, diabetikoak ez diren pertsonetan. Hortik abiatuta aztertu dute birus-infekzioaren eta geneen arteko elkarrekintza. Zehazki, I motako diabetesarekin erlazionatuta dagoen Lnc13 gene ez-kodetzailean dagoen polimorfismo baten eragina ikertu dute Izortze Santín Gómez eta Ainara Castellanos-Rubio EHUko ikertzaileak. PNAS aldizkarian eman dute emaitzen berri.

Ikertzaileen esanean, hiru ondorio garrantzitsu atera dituzte. Batetik, genomaren eremu ez-kodetzaileko polimorfismoak zenbait gaixotasunen garapenarekin erlazionatuta egon daitezke. Bestetik, I motako diabetesa aurreikusteko, baliagarria izan daitezke Lnc13-aren genotipoa aztertzea eta birus-infekzioen aztarnak bilatzea. Azkenik, horrek guztiak ateak irekitzen dizkio terapia genikoaren aukerari.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia