}

Bihotz-gaixotasunen aurkako txertoak

1999/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Massachussets-eko Avant Immunotherapeutics enpresak untxiengan bihotz-gaixotasunak jasateko arriskua murrizten duen txertoa aurkitu du. Txerto honek odoleko “kolesterol ona” mantendu eta “kolesterol txarra” urritzen du, arteriosklerosia jasateko arriskua erabat txikiagotuz. Arteriosklerosia arterien paretek jasaten duten loditze eta elastikotasun-galera anormala da, batez ere zahartzaroan agertzen dena.

Gaixotasun honen sorrera kolesterol mailarekin loturik dago, “kolesterol txarraren” mailarekin hain zuzen ere. Oraingoz untxietan bakarrik probatu den txerto honek Dentsitate Handiko Lipoproteina-maila (HDL) edo “kolesterol ona” % 35 igotzen du eta arteria trabatzen duten plakak sortzea % 40 murrizten du. Dentsitate Baxuko Lipoproteinak (LDL) edo “kolesterol txarra” HDLetatik sortzen dira, eta txerto honek aldaketa hau eragiten duen eragile kimikoaren aktibitatea murrizten du.

Enpresa txertoa gizakira egokitzeko lanetan hasiko da datorren udan, erabili ahal izateko pasa beharko dituen segurtasun-probak gainditzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia