}

Bideo-jokoak eta epilepsia

1995/09/01 Furundarena Salsamendi, Jose Ramon Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gure artean lehen bideo-jokoak azaldu zirenetik, erabat normaldu da beren erabilpena gazteen artean. Halaber, 1980tik aurrera, iharduera horrekin lotura izan dezaketen epilepsi atakeen kasuak eman dira ezagutzera. Bilakaera azkar horren gailurra 1992an gertatu zen: bideo-jokoen salmentak ordura arte ezagutzen ez zen maila lortu zuen eta halaber, antzeko maila lortu zuen jokoek ustez sor dezaketen arriskuari buruzko kezkak ere.

Orain arte joko-aretoren batekin edota etxeko telebistarekin nolabaiteko erlaziorik izan dezaketen 50 bat kasu baino ez dira ezagutzen. Kasu horiek oinarritzat harturik, gaixoek izan ditzaketen ezaugarriak aztertu zituzten. Pazienteen batezbesteko adina 13 urtekoa da eta %75 gizonezkoak dira; bestela esanda, bideo-jokoekin maiz jolasten den ume tipoaren ezaugarriak dira.

Gazte horietako heren batek bideo-jokoekin ezin erlaziona daitekeen epilepsi atakerik izana zuen aldez aurretik eta erdiak deskarga epileptiformeak agertu zituen laborategian fotoestimulazioarekin egindako elektroentzefalograman.

Paziente epileptikoen artean, %5 bakarrik agertzen da aldizkako fotoestimulazioarekiko sentikorra. Ondorioz, bideo-jokoa ez da kasu guztietan epilepsi atakea sorrarazi duen faktorea, bai ordea aurrez horretarako joera duten paziente “fotosentikor” horietan faktore eragilea.

Gaixo horiek ondorengo estimuluek eragindako atakeak agertzen dituzte: telebista (%40), intentsitate desberdineko eguzki-izpiak (%35), dantzalekuetako argiak (%25), eta abar.

Paziente epileptikoek osaturiko multzo batean, azpitalde batekoak lirateke lehen atakea 10 eta 14 urteen bitartean izan dutenak, gehienak emakumezkoak eta 25 urtetik aurrera fotosentikortasunaren eragina gutxiago agertzen dutenak. Kasu gehienetan epilepsia orokorra izaten da mugimendu toniko-klonikoekin, gorputzaren astinaldi mioklonikoekin eta ausentzi atakeak estimulazio bisuala izan eta gutxira. Atakea agertzeko arriskua estimulu bisualaren intentsitatearekin, maiztasunarekin eta kontrastearekin lotuta dago. Telebistarenganako sentikortasuna esaterako, 0,5 eta 2 metro arteko distantziatik ikusten denean agertzen da batik-bat.

Bideo-jokoak eta epilepsia. Ohar batzuk

Umeek osatzen dute arrisku-talderik garrantzitsuena. Epilepsi atakea bideo-jokoarekin jolasean ari dela ausaz gerta daiteke, normalean logurea edota faktore emozionalak tartean direla. Joko horietarako etxeko telebistako pantaila erabiltzen den kasuetan, umeak oso gertu kokatzen dira eta telebistako irudiak estimulu bisuala dira paziente epileptiko fotosentikorrentzat. Bideo-jokoa telebistarekin batera faktore eragilea da eta horrez landa, piztu-itzali ari diren argiek edota koloreek eraginik izan dezakete.

Horri guztiari buruzko ikerketa epidemiologikorik aipagarriena Britainia Haundian Fish eta bere laguntzaileek burutua da. Bideo-jokoekin lotura izan zezaketen epilepsi atakeen intzidentzia eta fotosentikortasunaren eragina neurtzeko. Lehenengo atakea pantailadun joko elektroniko baten eraginez agertu zuten 118 kasu bildu ziren, horietarik gehiengoak (103 kasu) 15 urte inguru zituelarik. Adin-tarte horretan bideo-jokoekin lotura izan gabe espero zitezkeen kasuak gutxiago ziren, 66 hain justu. Paziente gehienak erreakzio fotosentikorra agertu zuten elektroentzefalograman eta estimulu bisualek eragindako atakeen aurrekaria agertzen zuten.

Hori guztia dela eta, telebistako saioetan eta bideo-jokoetan “flash” egiten duten irudiak eta errepikatzen diren patroiak mugatzea eskatu da. Bideo-jokoekin batera arrisku horretaz ohartarazten duen oharra etorriko da. Fotosentikortasunik agertzen ez duten pazieteetan, hau da, epileptikoen %95ean bideo-jokoekin jolasteagatik edota telebista ikusteagatik atakea pairatzeko arriskua ia hutsala da.

Fotosentikortasun handia agertzen duten kasuetan eta beraz, atakea berriro agertzeko arrisku handia denean, balproatoa konprimatuetan hartu beharko da adinez aurrera egin arte. Atakea eragiten duen estimulua ezaguna baldin bada, kontaktu hori saihestea komeni da. Alabaina, arrisku hori izan ala ez, umeak telebistatik gutxienez 2 metro atzerago jartzea denok hartu beharreko neurria da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia