Berotegi-gasak erabat murrizteko deia, IPCCren azken txostenean

2021/08/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. IPCC

Berotegi-gasak murrizteko politikak ezartzeko deia egin du IPCC Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldeak, bere azken txostenean. Klima-larrialdiaren oinarri fisikoak biltzen ditu ikerketak, eta, laburpen teknikoa ez ezik, arduradun politikoei zuzendutako beste laburpen bat ere argitaratu dute, baita atlas interaktibo bat ere

Egungo datuak bildu, egoera aztertu, eta etorkizunerako bost aurreikuspen egin dituzte, epe labur (2021-2040), ertain (2041-2060) zein luzerako (2081-2100). Ez dute zalantzarako tarterik utzi: giza jardueraren eraginez, klima berotzen ari da. Zenbateraino berotu den ere zehaztu dute: industria-aroaren aurretik baino 1,1 ºC ditu Lurrak gaur egun. 

Klima-aldaketaren ondorio batzuk ehunka edo milaka urte iraungo dutela berretsi dute, baina helburuak 1,5-2 ºC-ko muga ez gainditzea izan behar duela azpimarratu dute. Horretarako, ezinbestekoa da berotegi-gasak erabat murriztea, berehala eta denbora luzez. Horren ondorioz, berehala hobetuko litzateke airearen kalitatea; tenperatura egonkortzeko, berriz, 20-30 urte beharko liratekeela kalkulatu dute.

Tenperaturaren igoerak muturreko fenomeno meteorologikoekin duen erlazioa ere aztertu dute. 1,5 °C-ko igoerarekin, bero-bolada gehiago izango direla iragarri dute, eta urtaro hotzak laburtu egingo direla. 2 °C-ko igoerarekin, berriz, beroak kalteak eragingo ditu nekazaritzan eta osasunean. 

Bestalde, ondorioak ez dira berdin nabaritzen leku guztietan. Adibidez, Artikoa batazbestekoa baino gehiago berotu da, eta permafrosta gero eta azkarrago ari da urtzen. Egoera benetan larria da, eta, ondorioak apaltzeko, premiazkoa da gobernuek lehenbailehen hartzea neurriak, karbono neutraltasuna lortzeko helburuarekin. Petteri Taalas IPCCren sortzaileak adierazi duenez, "Zientziak hitz egin du. Orain ekiteko garaia da".

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia