Benveniste arazoetan
1994/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Jacques Benveniste ikerlari frantsesa ezagun bihurtu zen duela urte batzuk, urak lehen edukitako molekulen “memoria” gordetzen duela aldarrikatu zuelako. Orain bere laborategia galtzeko zorian egon liteke. Frantziako Medikuntza Ikerketarako Institutuak (INSERM) Benvenistek zuzendutako inmunofarmakologiako laborategia itxi egin du 1993aren bukaeran.
Benvenistek errepresio ideologikoaren biktima izan dela dio eta bere ikerketa irizpide politikoen arabera neurtu dutela. Philippe Lazar-ek, INSERM-eko buruak, dioenez, laborategia ixtea prozedura administratiboen ondorio izan da.
Benvenistek INSERM-eko administrariekin izandako arazoak, 1988ko uztailean Naturen bere emaitza esperimentalen berri emandakoan hasi ziren. Honakoa zioten Benvenistek eta bere lankideek lan hartan: asko diluitutako antigorputzen disoluzioek (praktikan antigorputzezko molekula bat bera ere ez zutenek) zelula inmunitarioen erantzuna eragiten zutela. Hori egia izanez gero, homeopatiak esandako gauza asko frogatuko lirateke.
Naturek ikerlari-talde bat bidali zuen Benvenisteren laborategira eta bi aste geroago, lana engainutzat jo zuten.
INSERM-eko laborategietako lana lau urtean behin ebaluatzen da. Hamabi urte pasa eta gero, laborategiak automatikoki ixten dira. Ikerketa-lerro berean lanean segitu nahi duten zuzendariek laborategi berria irekitzea eskatu behar dute kasu horretan. Sistema, ideia eta proiektu berriak zuzpertzeko eta ikerlariak jubilatu arte lozorroan egon ez daitezen diseinatuta dago.
Benvenisteren laborategiak 1993an bete ditu 12 urte eta lanean jarraitzeko eskakizunik egin ez duenez, laborategia itxi egingo diotela komunikatu diote.
Benvenistek dioenez INSERM-ek laborategi berria eska ez zezan oztopoak jarri dizkio bidean. INSERM-en arauek diotenez, laborategi berria irekitzeko erakunde horretako bi langile behar dira gutxienez. Benvenisteren taldean bera bakarrik da. Benvenistek honakoa aldarrikatzen du: INSERM-ek, berak institutuan sartzeko bultzatutako hautagaiak atzera bota dituela. INSERM-ek ez ditu iritzi horiek ontzat ematen.
Bestetik, Benvenistek areago eraman du bere teoria eta disoluzio oso diluituen “memoria” eremu magnetikoek deusezta dezaketela dio. Horrek, eragina antigorputzaren molekulek uretan utzitako seinale elektromagnetikoek sortzen dutela erakutsiko luke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia