Elkarrizketa

Haritz Sardon Muguruza

«Nahiz eta maila diferenteetan egon, hizkuntza bera dugu gure artean»

Haritz Sardon Muguruza kimikariak (Donostia, 1983) EHUren Polimero eta Material Aurreratuak: Fisika, Kimika eta Teknologia izeneko sailean egin zuen doktore-­tesia, eta, geroztik, horretan aritu da ikertzen, arrakasta handiz. Hain zuzen, gaur egun bere izeneko laborategia zuzentzen du (Sardon Lab), eta sari ugari jaso ditu; batzuk, nazioartekoak. Azken aitortza Espainiako Kimikako Errege Elkartearen eskutik jaso du: Ikerkuntzako Bikaintasunaren Saria, hain zuzen ere. Polimero jasangarrien garapenean ikertzen jarraitzeko bultzadatzat hartu du Sardonek. Bere ikerketa-arloari lotuta erantzun die galderei ere.

Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Ni gehien harritu nauena, nire ikerketa-arlo honetan, da jendea oso xumea dela. Berdin da norekin hitz egiten duzun, izan kongresu batean, izan bidaia batean, berdin da hitz egitea irakasle ospetsu batekin edo doktoretza egiten ari den ikasle batekin. Zure maila berean jartzen dira, denak daude prest laguntzeko.

Adibidez, doktoretza-ondorengoa egiteko irakasle oso entzutetsu batengana jotzen baduzu, han lekurik ez badauka ere, bideratuko zaitu beste laborategi batera.

Nolabait esateko, nahiz eta maila diferenteetan egon, hizkuntza bera dugu gure artean. Horrek asko harritu ninduen hasieran, eta asko laguntzen du. Izan ere, lehen barnerakoiagoa nintzen lanean, baina, ikusita zeinen erraza zen edonori edozer galdetzea, irekiagoa bilakatu nintzen. Asko ikasten da jarrera horri esker.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke?

Bi gauza nahiko nituzke. Batetik, gizarte mailan, gustatuko litzaidake pixka bat antiteknologikoagoak bilakatzea. Ez dut esan nahi teknologiaren aurka egotea nahi dudanik. Noski, teknologiari zor diogu daukagun garapena. Baina bai egunerokoan uko egitea zenbait gauzatarako erabiltzeari eta oinarrira bueltatzea. Egia esan, jada ari naiz ikusten jende bat hasia dela horretan, eta uste dut gizartearentzat onuragarria dela.

Esaterako, erabaki nuen ez erabiltzea sare sozialak. Orain LinkedIn bakarrik daukat, eta lanerako erabiltzen dut. Harreman pertsonaletarako, kafe bat hartzeko geratzen naiz, edo elkarrizketa bat izaten dut, Whatsapp bidezko mezu-truke bat izan beharrean. Edo denbora Instagramen pasatu ordez, beste gauza batzuk egiten ditut.

Besteak nire ikerketa-arloarekin zerikusia dauka. Izan ere, plastikoen jasangarritasunean ikertzen dut, eta iruditzen zait material oso baliagarriak direla. Baina askoz ere gehiago birziklatu beharko genuke; igual ezin da lortu % 100 birziklatzea, baina bai % 50 edo % 70etik gora. Material hori berrerabiltzeko aukera edukitzea nahiko nuke.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Kimika