Klima aldatzen ari gara, argi dago, eta arazo larriak ekarriko ditu. Baina garrantzitsua da ahalik eta iragarpen errealistena egitea. Klimatologoek ofizialki esan dute: RCP8.5 ez da zentzuzko eszenatoki bat jada. Ezta ondorengo SSP5-8.5 eszenatokia ere. Arrazoi asko dago horretarako; batez ere, ez datorrela bat ikusten ari diren emisioen joerarekin.
Klimaren eboluzioaz ari gara. Zientzialariek ez dituzte iragana eta orainaldia bakarrik aztertzen. Gainera, iragarpenak egiten dituzte etorkizunean norantz goazen ulertzen saiatzeko. Eta etorkizun posible bakarra kalkulatu ordez, eszenatokiak planteatzen dituzte. Alegia, hainbat etorkizun posible, baikorrenetik ezkorrenera.
Baina azken urteetan aditu askok zalantzan jarri dute muturreko bi eszenatokiak errealistak ote diren, eta orain, albistea ofiziala da. Baikorrena RCP1.9 eszenatokia da, 2.100 urtean atmosferako tenperaturan 1,9 °C-ko igoera defendatzen duena. Adostasun handia dago aspalditik mugarri hori gaindituko dela ordurako. Ezkorrenak (RCP8.5), berriz, mende bukaeran 8,5 °C beroagoa izango dela aurreikusten du. Azken hori, 2020. urtetik hona jarri dute zalantzan adituek. Coupled Model Intercomparison Project (CMIP) erakundean bildutako zientzialari askok osatu dute etorkizunerako proiekzio zentzuzko bat, CMIP-7 izenekoa, mendearen bukaerarako igoera 4 °C-ko bueltan izango dela planteatzen duena.
Baina galdera da zergatik. Eta ez dago erantzun bakar bat. Berez, emisioen eboluzioa iragartzea oso zaila da. Energia berriztagarriak ugaritzen eta merketzen ari dira, baina zaila da zehaztea haien etorkizuna. Egoera geopolitikoak ere nekez iragar daiteke: Iranen eta beste tokietan gerra izateak emisioetan izango duen ondorioa zaila da iragartzen. Ikatzaren kontsumoa Txinan eta Indian zenbaterainokoa izango den ere inork ez daki. Eta, atzera begira, petrolioaren ugaritasuna iragartzeko ahaleginak ere oso txarrak izan dira. Azkenik, baita herrialde bakoitzean trantsizio energetikoaren gorabeherak aurreikusteak ere oso konplexu egiten du iragarpena.
Badakigu 2012 eta 2013 arteko epean, emisioen eboluzioa aldatu zela. Grafikoetan ikusten da: meseta moduko batean sartu ziren. Jarraitzen dugu CO2 isurtzen, eta atmosferako kontzentrazioak handitzen jarraitzen du, baina ez RCP8.5 ospetsuak iragartzen zuten moduan. Gaur egun CO2-aren kontzentrazioa neurtzen ari garena baino 9 ppm handiagoa izango litzateke 2012 urtearen aurreko eboluzioak iraun izan balu.
Horregatik aldatu du bere ikuspuntua Klima Aldaketa ikertzen duen Gobernuarteko Panelak (IPCC). Datu zientzifikoak bildu eta eredu klimatikoak erabiltzen ditu, hainbat urtean behin Assessment Report txosten bat argitaratzeko. Azkenekoa, AR6, 2023an argitaratu zuten. Zazpigarrena, AR7, ustez, 2028an ateratzekoa da, eta egoera berrian oinarritu beharko dute. Nolanahi ere, oraindik ere klima-politika asko RCP8.5an oinarrituta daude, EAEn adibidez, eta beraz, errealistak ez diren iragarpenak hartzen dituzte kontuan erabakiak hartzeko. Itsas-mailaren igoera, adibidez. Zaila da itsas-maila zer abiaduratan igoko den jakitea, are gutxiago errealistak ez diren emisio-kopuruetan oinarritua bada.
Gaia ez da erraza. RCP8.5 eszenatokia planteatu zutenean ez zen zentzugabekeria bat, nahiz eta orain ereduek esaten duten ez ginatekeela egoera horretara iritsiko ezta politika klimatikoetan neurriak hartu gabe ere. Ez zen zentzugabekeria bat, baina denborarekin ikusi da ez dela eszenatoki errealista bat. Eta planteatzen diren politika berrietan islatu beharko litzateke orain dakiguna.
Guillermo Roa Zubia
Kimikan doktorea eta Elhuyar Zientziako erredaktorea