}

Begiratu telefonoari, egin irribarre... klik!

2003/05/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Duela oso gutxi, horrelako esaldi bat entzunez gero jende guztia harritu egingo zen. Gaur egun, ordea, ia denok ikusi dugu argazki- edo bideo-kamera duen telefono mugikorren bat, telebistako iragarki batean besterik ez bada. Itxuraz, gero eta zabalduago daude mugikor horiek; alabaina, gehienona iristeko oztopo asko gainditu beharko dituzte.
Iaz Japonian saldu ziren mugikorren % 85-ek kameradunak ziren.

Telefono mugikorrek sekulako arrakasta izan dute. Hasieran horrelako gailu bat inolaz ere ez zuela edukiko esaten zuen batek baino gehiagok orain poltsikoan darama berea. Izan ere, egia da komunikazioa errazten dutela eta zenbait egoeretarako eta jardunetarako ezinbestekoak bihurtu direla. Eta, ezinbestekoak izan gabe ere, denbora-pasarako primerako jostailuak dira; galdetu, bestela, etengabe mezu laburrak bidaltzen ari diren gaztetxoei...

Telefono mugikorren enpresak, bestalde, behartuta daude sarri-sarri modelo berriak kaleratzera; bestela, merkatua erabat saturatu eta salmentak gelditu egingo lirateke. Horregatik, gero eta aparatu bereziagoak eta osatuagoak asmatzen dituzte. Hala ere, denek ez dute oinarrizko modeloek adinako harrera ona izan. Esate baterako, 1990eko hamarkadaren bukaeran, Internetera sarrera zuten mugikorrak atera zituzten. Baina ordenagailuekin ohituta, erabiltzaileei irakurtezinak iruditzen zitzaizkien testuak, mugikorren pantaila txikia izaten baita. Hori dela eta, mugikor horiek ez zuten aurreikusitako arrakasta izan.

Telefono mugikor kameradunek, berriz, oso harrera ona izan dutela dirudi, edo hori ematen dute aditzera telebistako iragarkiek. Antza, benetan erakargarriak dira mugikor kameradunak: edozein tokitan zaudela ere, zure buruaren edo zauden lekuaren irudi bat bidal diezaiokezu edonori; telefonoz bidalitako musuek, soinuaz gain, koloreak izan ditzakete; oporretara joan eta tresna bakar batean bilduko dituzu familiarekin harremanetan egoteko beharrezkoa duzun telefonoa eta zure ordenagailuan gordeko dituzun argazkiak ateratzeko kamera...

Mugikor hauen kamerak kamera digital arruntak bezalakoak dira.

Salmentei buruzko datuen arabera, jendeari gustatu egin zaio aisia eta beharra lotzen dituen gailu hori. 2002ko azken hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino % 62 mugikor kameradun gehiago saldu zituzten; hain zuzen, 8,4 milioi saldu ziren azken hiruhileko horretan. Guztira, merkaturatu zirenetik, munduan 20 milioi mugikor kameradun saldu direla kalkulatzen dute, gehienbat AEBetan eta Japonian, eta horien atzetik datoz Europaren mendebaldeko herrialdeak. Joan den urteko azken hiruhilekoan, 200.000 mugikor kameradun saldu ziren Europaren mendebaldean.

Mugikor kameradunak

Mugikorrek dituzten kamerak bestelako kamera digitalak bezalakoak dira. Mugikorra kamera moduan erabiltzean, pantailak kameraren bisore gisa egiten du lan, eta argazkian zer irudi atera nahi den ikusten uzten du. Kliskagailua, berriz, mugikorraren tekletako bat izaten da. Mugikor kameradun askok, gainera, kameraren gainean ispilu txiki bat dute, norbere buruaren argazkiak atera ahal izateko, eta batzuek flasha ere badute.

Mugikor kameradunekin baimenik gabe argazkiak ateratzea eta bidaltzea oso erraza denez, hainbat tokitan intimitate-eskubideari buruzko kezka sortu da.

Argazkia atera ondoren, hainbat aukera daude: mugikorraren barneko memorian gorde, korreo elektroniko bidez beste mugikor batera edo ordenagailu batera bidali edo sare zerbitzari baten argazki-albumean gorde daiteke. Azken modeloek irudia editatzeko, neurria aldatzeko edo argazkiaren gainean grafikoak egiteko aukera ematen dute, besteak beste.

Mugikorren enpresek adierazi dutenez, zenbait egoeratan benetan baliagarriak dira mugikor kameradunak. Adibidez, Japoniako ospitale batzuetan, Sha-mail zerbitzua ezarri dute. Zerbitzu horri esker, larrialdi batera joandako erizainek edo medikuek erresonantzia magnetikoz ateratako irudiak berehala espezialistei bidaltzeko aukera dute. Hartara, ospitalera iritsi bitartean zer egin behar den esan dezakete espezialistek, eta hara iritsi orduko prest dute tratamendua emateko behar den guztia. Halaber, polizientzat, zerbitzu- eta marketing-arloko enpresentzat, eta beste askorentzat ere tresna aproposa dela uste dute.

Teknologia ez dago prest oraindik

Mugikor kameradunek, ordea, ez dute guztia aldeko. Hasteko, irudien kalitatea nahiko eskasa da, eta akats dezente dituzte. Argazkiak konprimitzeko sistema hobeak aurkitu eta argazkiak eraldatzeko aukera gehiago eskaini behar dituzte. Horretaz gain, prezioak jaitsi edo gutxienez bere horretan utzi behar dituzte, salmentak gora egitea nahi badute.

Aisiarako ez ezik, lanerako ere oso tresna baliagarriak direla esaten dute mugikorren ekoizleek.

Hala ere, arazo nagusia operadoreetan dago. Izan ere, Europako operadoreak oraintxe hasi dira ezartzen zerbitzuak behar dituen multimedia-interfazeak. Hori dela eta, mugikor kameradunek eragozpen handiak izaten dituzte. Esate baterako, sarritan, sare ezberdinak erabiltzen dituzten bi mugikorrek ezin dituzte datuak trukatu.

Arazo horretaz jabetuta, mugikorren ekoizleak eta operadoreak batu egin dira oztoporik gabeko telefonia bermatzeko. Orain, Europan bi sare ari dira ezartzen, GSM eta GPRS, eta operadore ugarik eskaintzen dituzte beren zerbitzuak. Hitzarmenaren helburua hauxe da: erabiltzaileek mugikorraren bidez multimedia-datuak bidali eta jaso ditzatela, dauden herrialdean daudela, eta edozein operadore eta sare erabilita. Hori lortu ezean, eskaera ez da haziko, eta hori ondo baino hobeto daki mugikorren industriak.

Mugikor kameradunak debekatuta daude!

Horixe agindu du Saudi Arabiako gobernuak. Nonbait, emakumeen irudiak ‘harrapatzeko’ erabiltzen zituzten batzuek. Ez hori bakarrik: gero, dendetan saltzen zituzten baimenik gabe ateratako argazki horiek.

Dena dela, debekua ezartzean, gobernuak ez zuen inolako azalpenik eman. Dirudienez, bertutea sustatzeko eta bizioari aurre hartzeko batzordeak hasiera-hasieratik hartu zituen begitan mugikor kameradunak, eta, zenbaitek nola eta zertarako erabiltzen dituzten ikusita, tresna horiek debekatu dituzte.

Baina arazoa ez da Saudi Arabiara mugatzen. Arabiar Emirerri Batuetan ikaragarrizko isunak jartzen dizkiete emakumeei baimenik gabe argazkiak ateratzen dizkietenei. Eta Britainia Handian ere gertatu dira antzekoak. Esate baterako, aldageletan mugikorrak erabiltzea debekatu du osasun-kluben kate batek. Katearen arduradunen esanean, oso erraza da norbaiti konturatu gabe argazkiak ateratzea mugikor kameradunekin; aldiz, askoz zailagoa da nork atera dituen jakitea, argazkiak Internetez bidaliz gero, ez dagoelako memorian gorde beharrik. Beraz, ez dago erruduna nor izan den frogatzeko modurik.

Zabalik-en argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia