Azken urtetako erronka: telekomunikazioen liberalizazioa
1995/06/01 Arbelaitz, Olatz | Rivadeneyra, Pepe Iturria: Elhuyar aldizkaria
Estatuek ahalegin gutxiren truke lortu zuten telekomunikazioen monopolioa eta duela gutxi arte mantendu dute. Horrek berarekin zenbait arazo sortzen du: lehiarik ez dagoelako eboluzioa ez da behar bezalakoa eta prezioak sarri egon ohi dira eskainitako zerbitzuen kalitatearekin desorekan. 1984rako nabaria zen telekomunikazio-merkatuaren egitura aldatu beharra; sistema zaharrak ez baitzuen nahikoa malgutasun. Produktu eta zerbitzu berriak garatzeko behar den abiadura ere ez zuen eskaintzen.
Liberalizazioa Europan: prozesu motela
Argi zegoen telekomunikazioen eboluziorako beren inguruan zegoen araudia aldatzea beharrezkoa zela. Eboluzioaren hasiera Estatu Batuetan izan zen. Ordurarte monopolioa zuen ATTk (American Telephone Telegraphek) merkatu librera pasatzea onartu behar izan zuen. Europara berriz, beranduago iritsi ziren liberalizazio-haizeak eta bertan urte askotan zehar paperik garrantzitsuena izan duten herrialde bakoitzeko PTTen (Post Telephone Telegraph, hau da, herrialde bakoitzeko telefoni erakunde publikoaren) monopolioari amaiera ematea lan zaila gertatzen ari da, batez ere (merkatu honen erakargarritasuna dela eta) 2000. urtean Europako langileriaren % 60 telekomunikazio-arloan egotea espero delako.
Europako Batasunean (EB), 1992ko urrian egindako bileran erabateko adostasuna zegoen. Gaur egun telekomunikazioak garatzeko oztopo handiak daudela pentsatzen zuten denek. Oztopoetako batzuk hauek ziren: zerbitzu aurreratu eza, mugak zeharkatzen dituzten zerbitzuak erabiltzeko ordaindu beharreko tarifa garestiak, abiadura handiko linea alokaturik eza... Bestalde, telekomunikazioen hazkundea urteko % 8,5ekoa da, gainerako sektore guztien buru delarik.
Ondorioz, beharrezkoa da araudi berria sortzea, Europako Batasunean telekomunikazioen garapena zuzena bultzatzeko. Batzordean proposamen ezberdinak aurkeztu ziren, hartu beharreko erabakia egokia izan zedin:
- Liberalizazio-prozesua eta oraingo egoera mantentzea.
- Bai tarifa eta bai komunitate-mailako inbertsio-arloan araudi zabala sortzea.
- Ahozko telefoniaren zerbitzu guztiak liberalizatzea.
- Ahozko telefoniaren zerbitzuetan lehia zabaltzea, EBko partaide diren estatu guztientzat.
Telekomunikazioekin zerikusia duten 130 erakunde (erabiltzaile, hornitzaile, operadore, sindikatu eta erakunde profesionalak) bat etorri ziren proposamenetan egokiena zein zen erabakitzean eta ahozko telefoniaren zerbitzu guztien liberalizazioa beharrezkotzat jo zuten. Baina horretarako eman beharreko pauso eta epeak erabakitzeko garaian ez zen erabateko adostasunik egon.
Liberalizazio honi esker, ekonomi arloan abantailak agertuko lirateke lehiaren ondorio zuzen gisa, garapena ere areagotu egingo litzateke berritze-prozesua azkarrago burutuz, erabiltzailearentzat aukera gehiago egongo lirateke bere behar eta posibilitateen arabera egokien gertatuko litzaizkiokeen produktu eta zerbitzuak aukeratzeko, eta azkenik, hainbesteko garrantzia duen baliabide nazionala entitate publiko eta pribatuen artean banatzeko aukera egongo litzateke.
Baina arriskuak ere badituela esan beharra dago; lehia handiagoak, telekomunikazio-erakundeen arteko egoera kontrajarriak daudelako eta komunitateko herrialde bakoitzaren merkatu-egiturak desberdinak direlako gogoeta-ingurune baten beharra sortzen baitu. Guzti horregatik araudiaren helburu nagusietariko bat lehiak eduki ditzakeen eragin negatiboei aurre egitea da.
Politikaren martxa gutxi gora-behera aurrean aipatutakoa izan arren, ez doa errealitatearekin bat. Adibide gisa terminal- eta zerbitzu-merkatuak liberalizatu zirenetik benetako lehia eratu ahal izateko arauak eta antolakuntza finkatu ziren arte denbora asko igaro zela aipa daiteke.
Komunitatean produktuen eta zerbitzuen merkatuak irekitzeko eta beren arteko lehia gardena izan dadin behar diren baldintzak sortzeko egiten ari diren ahaleginek, oraindik ez dituzte espero ziren fruituak eman. Merkatu bakarra lortzeko egin diren ekintzek, hau da, zerbitzuen ustiapen- eta arautze-funtzioen banaketak, merkatuen bateratzeak, geroko merkatuen sortzeak, etab.ek ez dute eskaintza handiagotu; ezta merkatuaren hazkundea sortu ere. Baina benetako helburuak lortu ez badira ere, merkatuen dinamika dela eta egitura-aldaketak gertatzen ari dira sektorean.
Joera garbiak ageri dira. Adibidez: industri kontzentrazioa, gobernuen politika orokorragoaren ondorio den telekomunikazio-operadoreen pribatizazioa, zerbitzu-hornitzaileen elkarketa (hirugarren herrialdeetara sartu ahal izateko) etab. Merkatu hau azken finean, egoera errealean oinarrituz baino gehiago, gerorako itxaropenen arabera mugitzen da.
Azken borroka: GSM
Europan momentu honetan GSM (Global System for Mobile Communications. Euskaraz esanda, Komunikazio Higikorretarako Sistema Globala, hau da, telefono higikorren bidezko komunikazio-sistema estandarra) da komunikazio-mailan indar handiena duen gaia. 92. urtearen bukaeran bederatzi herrialdetan hasiak ziren zerbitzu hau eskaintzen. GSMak edozein erabiltzaileri, edozein herrialdetatik eta edozein herrialderen sistema erabiltzeko gaitasuna ematen dio.
Teknologia digitala erabiltzen du eta, ondorioz, honek eskaintzen dituen abantaila guztiak biltzen ditu: zerbitzu-kalitate hobea, espektro irrati-elektrikoa hobeto aprobetxatzea, mantenu eta instalaziorako erraztasuna, komunikazioen segurtasun handiagoa, gerora oinarrizko telefoni sarera konektatzeko aukera eta zerbitzu ugari eskuratu ahal izatea.
1995etik aurrera zerbitzu hauek Europako edozein puntutan (eta kanpoko zenbaitzuetan ere bai) erabili ahal izango direla espero da. Adibidez, Australia, Zeelanda Berria, Singapur, Latinoamerika, Arabiar Emirrerri Batuak eta Golkoko beste zenbait herrialdetan dagoeneko zerbitzu hauek erabili ahal izateko zenbait lizentzia dute. Oso denbora gutxian, erabiltzaileak ugaltzen ari dira, eta ondorioz, enpresentzat oso erakargarri gertatzen ari da GSMa ustiatu ahal izatea.
Espainia atzetik doa
Estatu Espainiarreko egoerari dagokionez, pixka bat atzeratuagoa dago. Liberalizazioari buruz Europako Batasunean erabakitakoaren arabera, Espainian telexa, telegrafoa eta oinarrizko telefonian ezik, 1924az gero Telefonica-k duen monopolioari amaiera eman beharra dago, baina oraindik lan asko falta da helburu hori lortzeko:
- 1992an irrati bidezko bilaketa liberalizatu zen, horretaz probetxu 4 taldek izan zutelarik. Lau talde horietako bat BBKk bultzatzen duen Cersa izeneko enpresa-partzuergoa izan zen. Talde hauetako batzuk, sinatutako kontratuan aipatutakoa baino abiadura azkarragoan ari dira zerbitzuak prest jartzen.
- Teorian 1993ko urtarrilean hasi zen bigarren zerbitzuaren liberalizazioa Espainian: datu-konmutazioarena, bai pakete eta bai zirkuitu bidez. Baina benetako liberalizazioa atzeratu egin zen. Telefonica-rekin lehia izan nahi duten enpresek konexio bakoitzagatik hasierako kuota, alokatzeagatik aldizkako beste bat eta erabilerako beste bat dituen tarifa aurkeztu beharko dute.
- Telefonia higikorraren arloan, Telefonica-z gain ustiapenean parte hartuko duen enpresa zein izango den erabakitzeko lehiaketa-deialdiak jakinmin handia sortu zuen. Dakigunez, Airtelek lortu zuen Telefonicarekin batera lehian aritzeko ustiapen-baimena, telefonia higikorreko bigarren eragilea izango delarik. Azpimarratzekoa da BBK eta Kutxa Airtel taldeko kideak direla eta Airtelen telefono higikorrak Zamudioko Parke Teknologikoan egiten ari direla, Ericcson enpresan, hain zuzen.
Komunitate Autonomoetan bide desberdinak
Komunitate Autonomo desberdinetan egoera ez da berdina: bakoitza bere sareak sortzen ari da.
- Andaluziako gobernuak komunikazio-plan estrategikoa ezartzeko asmoa du, erabat Telefonicak egindako eskaintzen menpekoa den eta behar bezalako parametroak eskaintzen ez dituen gaur egungo egoera gainditzeko. Proiektuaren barnean, lehenbizi, ahots-, datu- eta irudi-komunikazioko Administrazio Autonomoaren beharrak beteko dituen sare korporatiboa eratu nahi da. Geroago, telekomunikazioen liberalizazioak uzten duen heinean, kanpokoei zerbitzuak zabaltzeko asmoa dago.
Hiru proposamenetan onena iruditu zaienari jarraituz egingo da proiektua, Andaluziako Junta eta SICRES (Sistema Integrado de Comunicaciones Red Electrica-Sevillana) elkarlanean arituko dira. Dirudienez, LOTaren araudiak onesten duen arren, proiektua ez zaio batere gustatu Telefonicari. Andaluziako Juntak mehatxuak ere jaso omen ditu. - Euskal Herriko Autonomi Elkartea, badirudi Estatu Espainiarreko enpresa-munduan buru bihurtu dela berriz ere Euskal Plan Teknologikoari esker. Plan Teknologiko honen atal gisa, Euskalnet izeneko Frame-Relay erako lehen sare publikoaren sorrera martxan da.
Euskalneten helburua zuntz optikozko sarea martxan jartzea da. Lan hau pausoka-pausoka egiten ari da; horren adierazgarri dira gure hiriburuetako kaleetan zehar ikus ditzakegun obretako asko; kableak sartzeko beharrezkoa baita kaleak irekitzea. Datorren ekainerako EHAEko hiru hiriburuen artean lan egin dezakeen sarea prest egotea espero da. Bitartean, martxan da ahots-, datu- eta irudi-garraiorako mikrouhin-sare bat. Hau gero ere lagungarri izango da: zenbait lekutan lurraldea malkartsua dela eta ezinezkoa baita kableak pasatzea.
Oraingoz, Administrazioak baino ez du edukiko sare berri honek eskaintzen dituen abantailaz baliatzeko aukera. Gainera erabiltzaileek liberalizazioa zabaldu arte itxaron beharko dute.
Telekomunikazioen egoera orokorra aztertu ondoren, badirudi, bai Europan eta bai Espainiako Estatuan ere, ziztu bizian garatzeko bidea hartu duela. Lasterketa horren ondoriorik onenak erabiltzaileak aprobetxatuko omen ditu, lehiak emaniko pizgarriari esker. Jadanik begi-bistan dago Telefonica ahaleginak egiten ari dela (merkatu librean parte hartuta salneurri onak eskaintzeko) eta erabiltzailea lor ditzakeen zerbitzuez eta salneurriez ohi zuena baino gehiago kezkatzen hasi dela.
Zoritxarrez, berri pozgarri eta etekin hobeaz gain, beste zerbait ere ekarriko du liberalizazioak. Telekomunikazioak gaur egungo ekonomiaren arlo estrategiko direnez, Estatu Espainiarra orain arte monopolioa mantentzen saiatu da, baina liberalizazioarekin, gaur egun jasaten ari garen kolonizazio ekonomiko horretan aurrerapauso bat eman dezakete kanpoko nazio askok.
Oraingoz, Eusko Jaurlaritza hasia da lanean prozesu honek eskutik aldegin ez diezaion. Bere kokagune egokiaz baliatuz Euskalnet izeneko sarea eraikitzen ari da. Dena den, monopolioak bukatzear daudenez, argi dago etorkizunean inguruko telekomunikazioen merkatua defendatzeko modu bakarra lehiakortasuna dela, eta enpresek eta erakunde publikoek hau ulertu beharra dute prozesua egokia izan dadin.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia