PLOS Biology aldizkarian argitaratu berri den ikerketa batean, Dublingo (Irlanda) Trinity College-ko ikertzaile batzuek azaldu dute burmuina gai dela, segundo batez edo pare batez, beste elkarrizketa bat entzuten hasteko aurreko elkarrizketari adi egonda. Aurkikuntza horrek zalantzan jartzen du solaskide bakarrean kontzentratu gaitezkeela dioen uste errotua.
Azterketa egiteko, parte-hartzaileek bi pertsona aldi berean hitz egiten entzun zituzten, ingurumen-zarata gehituta. Arreta bi solaskideen artean txandakatzeko eskatu zitzaien burmuinaren erantzuna ikusi ahal izateko eta, bitartean, ikertzaileek burmuineko aktibitatea neurtu zuten elektroentzefalograma bidez.
Emaitzek erakutsi zuten burmuina bigarren solaskidearekin elkarreragiten hasten dela lehen solaskidetik erabat deskonektatu aurretik. Momentu zehatz horretan, bi elkarrizketak gainjarri egiten dira, eta bietan izan dezakegu arreta. Egileen esanetan, pertsona batzuek erraztasun handiagoa dute bi zeregin aldi berean egiteko, eta erlazioa izan dezake horrek bi elkarrizketa mantentzeko gaitasunarekin.
Irati Diez Virto
Elhuyar Zientzia



